Iurretako San Migel jaiak

Iurretako jai batzordeak eguneratu egin gura du jaien hasieran Montoitik botatzen dituzten txapligoen ohitura

Jone Guenetxea 2022ko ira. 27a, 10:00

Artxiboko irudia.

Iurretako jaien hasiera momentu garrantzitsu bik markatzen dute: Montoitik txapligoak botatzeak eta Doniel Atxa jasotzeak. Irailaren 28an, San Migel bezperan, azken 50 urteetan ohitura izan da Montoiko zubitik txapligo ugari jaurtitzea.

Aurten, baina, ohitura hau nobedadeekin dator. Jai Batzordeak aho batez erabakita, zazpi txapligo botako dituzte; sei txapligo herriko kofradien izenean eta zazpigarrena herritik kanpora dauden iurretarren izenean. “Aspalditik egon gara Montoiko txapligoen ohitura hori aldatzeko gogoagaz. Segurtasunagaitik ez ezik, ingurukoen ongizatera begira, orain arte botatzen zen txapligo kopurua murriztea erabaki dugu, baina esangura bategaz. Horregaitik pentsatu dugu zazpi txapligoena”, azaldu dute Jai Batzordeko kideek. Urte bian jairik barik egon eta gero, aurten ohitura eguneratzeko momentua zela iritzi diote. Urtero txapligoak bota izan dituen taldeak botako ditu aurtengoak ere. Hala ere, aurrera begira, urtero txandaka beste herritar batzuek ere parte hartzea pentsatzen dabiltza. 

Zaharra ala berria?
Jaiei hasiera emateko, Doniel Atxa jasotzea tradizioa da herri askotan. San Migel bezperako dantzarien ekitaldian, hainbat iurretarrek parte hartzen du, eta orain urte bi, Covid sasoian, herritarrek txopo berri bat jaitsi zuten San Andresetik. Txopo hori sikatu beharra zegoen plazan jaso aurretik, eta baliteke aurten sartzea berria. Aurreko urteetan erabilitako Doniel Atxak 20 urte baino gehiago ditu eta erreleboa eman gura diote. Hala ere, Jai Batzordeak eta dantzariek diotenez oraindino ez dakite aurten izango den aldaketa hori. Txopo biak frontoian daude eta erabaki beharko dute zein jaso, zaharra ala berria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!