Iurretako San Migel jaiak

Musika kontzertuak, gastronomia txapelketak eta dantzarien saioak Iurretako sanmigeletan

Anboto 2022ko ira. 23a, 13:45

Artxiboko irudia.

Urte biko etenaren ondoren, heldu dira sanmigelak. Irailaren 28an Montoitik jaurtiko dituzten txapligoek jai giroz bustiko dituzte Iurretako kale eta bazterrak. Hala ere, ordurako, jaien bueltan sorturiko hainbat ekitaldi eginda izango dituzte iurretarrek. 

Gaur, esaterako, 21:30ean, Puro Relajoren kontzertua egongo da, Askondon, eta bihar Lamiak, Etxekalte eta Lehian taldearen erromeria egongo dira. Eguerdian marmitako txapelketa egongo da, eta 16:30ean Sputnik goitibeherak.

Domekan, 8:00etan, mendi martxa egongo da. 12:00etan grafiti erakusketa, 13:00etan herri kirolak, eta 17:30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ‘Kuikui’ ikuskizuna. 

Umeentzako ikuskizunez gainera, adin guztietarako ekintzak ere antolatu dituzte Iurretako Jai Batzordeko kideek. Ez dira faltako gaztetxoentzako jolasak, helduentzako ekintzak eta gastronomia txapelketak. Urtero lez, marmitako txapelketa eta tortilla txapelketa ere egongo dira sanmigeletan. Baita gazte bazkaria, herri afaria eta jubilatuen bazkaria ere. 

Musikari dagokionez, eskualdeko hainbat talde igoko da Iurretako plazako oholtzara. Irailaren 30ean, esaterako, Baske Street Boys, Edan eta Gora Etorri taldeek kontzertuak emango dituzte. Eta urriaren 1ean Luhartz taldeak girotuko du Iurretako plaza. 

Mutil-dantzak
Jaietako nobedade bat urriaren 2ko ekitaldi bat izango da, Errosario egunez. 12:30ean, herriko plazan, Patxi Larralde musikariak mutil-dantzak joko ditu eta jai batzordeak herritar guztiak gonbidatu ditu bertan dantza egitera, ekitaldi zabala izango da eta. Jai batzordetik jakinarazi dutenez, Patxi Larraldek joko dituen abestiak mutil dantzak eta jauziak izango dira. 

Mutil-dantzen ekitaldiaz gainera, dantzarien ohiko saioak ere ez dira faltako aurtengo San Migel jaietan. Irailaren 28an, Doniel Atxa jaso eta gero, dantzariek azken entsegua egingo dute, 18:00 inguruan. Eta irailaren 29an eta urriaren 2an, dantzari eta agintarien kalejirak eta dantza saioak egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!