Iurretak Bizkaiko zaku-eramate txapelketa hartuko du domekan

Anboto 2022ko ira. 22a, 14:00
Zaku-eramate saio bat. (Artxiboko irudia)

Gizonetan Eloy Salterain abadiñarrak parte hartuko du. Kinttopekoen mailan eskualdeko hainbat ordezkari daude.

Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuak Bizkaiko zaku-eramate txapelketa hartuko du domekan, 13:00etatik aurrera. Hiru maila egongo dira. Gizonezkoetan Eloy Salterain abadiñarrak parte hartuko du. Jon Ander Malainak, Igotz Ardeok, Beñat Amadek eta Jon Tobarrak osatuko dute boskotea. Emakumeetan honako hauek dira parte hartzaileak: Silvia Meseguer, Marina Blanco, Amaia Mendinueta, Iraide Gezuraga eta Naroa Arrieta.

Kinttopekoen mailako sei kirolari Iurretako Heki Herri Kirol Klubekoak dira: Iker San Anton, Oxel Azkorbebeitia, Eder Montero, Iker Montero, Aimar Unzueta eta Aidan Garcia. Eurekin batera, Adria Resines eta Aingeru Palacios ariko dira.

Ondoren, lokotx-biltze, ingude-jasotze eta trontza erakustaldiak egongo dira.

Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea eta Heki Herri Kirol Kluba ibiliko dira antolaketa lanetan, Iurretako Udalaren eta Aldundiaren laguntzarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!