Altzairu herdoilgaitzezko komun publikoa da, iragazkaitza eta intsonorizatua, udal arduradunek azaldu dutenez. Era berean, 310 x 220 oinplano angeluzuzena du, mugikortasun murriztua duten erabiltzaileentzat irisgarria, zehaztu dutenez. “Lizitazio- eta hornidura-prozesua nahiko gorabeheratsua izan da, baina, azkenean, Iurretako bizilagunok badugu iaz botoen gehiengoz aukeratutako komun publikoa” adierazi du Iñaki Totorikaguena alkateak.
Berez garbitzen da komuna. "Erabilera bakoitzaren ondoren, komun-ontzia eta konketa garbitu, desinfektatu eta lehortzea bermatzen du, baita lurzorua presio handian desinfektatzea ere, presio handian atomizatutako ura askatzen duten 8 pitaren bidez", azaldu dute udal arduradunek ohar batean. Gaineratu dutenez, "kontsumo txikiko LED argien bidez atzetik argiztatutako errotulu eta piktogramak ditu, erraz ikus daitezkeenak: komun-ontzia libre badago berdez eta sartzeko moduan ez badago (okupatuta edo garbitze-prozesuan), gorriz". Erabiltzaileak gehienez 15 minutuko epea du komuna erabiltzeko.
Kabinaren barruan komuna, konketa, xaboi-uraren banagailuak, komuneko papera, eskuak lehortzeko aire beroa, ispilua, pixoihalak aldatzekoa, laguntza-barrak, esekitokiak, paperontzia eta larrialdietarako sakagailua daude. Azken horrek atea desblokeatu eta, behar izanez gero, larrialdi-seinaleak aktibatzen ditu.