Urte biko etenaldiaren ondoren, Zaldairen mendi martxa irailaren 25ean bueltatuko da

Joseba Derteano 2022ko ira. 12a, 09:30
Artxiboko irudia.

Urte biko etenaldiaren ondoren, Zaldai mendi taldeak antolaturiko mendi martxa bueltan dator Iurretara. Irailaren 25ean izango da. Aurten ibilbide bi egongo dira aukeran, eta biak 08:30ean hasiko dira, Iurretako plazatik.

Ibilbide luzeak 24 kilometro ditu, 1.600 metroko desnibel positiboagaz. Aramotz mendilerrotik igaroko dira eta ibilbideko igoera nagusiak  Artatzagane (996 metro), Leungane (1006 metro) eta Aizkorri (812 metro) izango dira. 

Ibilbide laburra aukeratzen dutenek 620 metroko desnibela gaindituko dute, 14 kilometrotan zehar banatuta. "Zailtasun teknikorik bako" ibilbidea eta umeentzat zein helduentzat "aproposa" dela azaldu dute mendi taldetik. Bitaño, Neberondo, Katazka, Landaederra eta Santa Apolonia igaroko dituzte bidean, besteak beste. 

Izen-ematea irailaren 22ra arte egongo da zabalik, www.kirolprobak.com webgunean. Egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da (15 euro), martxen irteera baino lehenago. 14 urtera artekoentzat bost euro izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!