Urrian hasi eta ekainera arte luzatuko den kultur ikastaro eskaintza zabala aurkeztu dute, gaur, Ibarretxe kultur etxean. Ia 30 disziplinatako 645 plaza eskainiko dituzte Iurretan, "askotariko kolektiboei eta adin tarteei zuzenduta". Herritarrak ikastaroetan parte hartzera deitu dituzte.
Tailer monografiko laburrak, urtero antolatzen diren eta herritarren artean harrera oso ona duten, ikasturte osorako ikastaroekin (eskulanak, yoga, aretoko dantzak, gimnasia, egur lanketa, pilates...) uztartuko dira. Horrez gain, askotariko adinei zuzendutako irakurketa klubak mantenduko dira, Emakumeen literatur tailerra eta familientzako jarduereki (Azalerako Ipuinak eta MIntzoan kux-kux) jarraituko dute, eta, mintza-praktika taldeak ere eskainiko dira. Gazteentzako eta umeentzako eskaintza ere egongo da. Herri bibliotekan izango diren ekintzak doan izango direla argitu dute.
Berrikuntzak
Argazki mugikorra izenagaz abituko duten zortzi orduko tailer monografikoan, mugikorrarekin argazkirik onenak ateratzen ikasiko dute, eta 14 urtetik gorako herritarrei dago zuzenduta. Bestalde, Lorea martinez de Oronozek zuzendutako '1, 2, 3... album!' Ilustrazio tailerrean (10 ordu, lau pausotan album ilustratu bat sortzea izango dute helburu. Sormen literarioan interesa dutenei dago zuzenduta Sormen idazketa tailerra (16 ordu), eta idazketara jauzi egiteko aukera eman gura zaie. Azken bi ikastaro horiek 16 urtetik gorako herritarrei daude zuzenduta. Umeentzako eskaintzaren barruan, dantza modernoa ikasteko aukera egongo da oraingoan, eta sormena lantzeko Kreateka ikastaroa ere antolatu dute lehenengoz.
Kultur arloko arduradunek azaldu dutenez, "lehen hiruhilekoan garatuko dira tailer monografikoak, eta harrera ona espero dugu. Herritarren erantzuna ikusita, aurrerago ere saio monografiko berriak antolatzea aztertuko dugu".
Iazko tarifak mantenduko direla azaldu dute, eta izen ematerakoan hobariak eskatzeko aukera ere egongo dela. Herritarren Arretarako Zerbitzuan egin dezakete izen-ematea Iurretan erroldatuek, irailaren 14tik 23ra. Gainontzekoek, hilaren 21etik 23ra.