Iurretako Maspe kalea berrurbanizatu dute, bertan 84 etxebizitza eraiki ondoren

Anboto 2022ko ira. 6a, 15:05

Iurretako Maspe kalean erdibitzaile zentral berde bat jarri dute, argiteria eraginkorragoa eta arbola berriak. Halaxe azaldu dute udal arduradunek. Kaleak espaloi zabalagoak ditu berrurbanizazio lanen ondoren, eta zebrabide goratu bat gehiago. Autobus geltokiak ere berriztu dituzte.

Maspe kalea herritarrentzat "atseginagoa" eta "irisgarriagoa" dela orain nabarmendu du Iurretako Udalak ohar batean. Zehaztu dutenez, autobus geltoki berriei dagokienez, gardenagoak dira eta argiztapena zaintzen dute itzalguneak saihesteko. Horrez gain, mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna errazteko berrikuntzak ere baditu, irudi modernoagoa eta gaurkotuagoa izateaz gain".

Maspe kalean 84 etxebizitza eraiki zirela aprobetxatuz hasi zituen udalak kale horretako berrurbanizazio lanak, eta uda honetan amaitu dira neurri batean. Izan ere, eraikuntzaren inguruaren berrurbanizazioa urte amaieran bukatzea aurreikusi dute. Etxebitzak inguratuko dituen espaloia, arbola gehiago jartzea eta Ibazaibal errekari paralelo joango den bidegorri berri bat jasotzen dira berrurbanizazio horretan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!