Gaztelako eta Aragoiko koroek Nafarroako Erresumaren kontrako konkista hasi zuten 1512an. Handik hamarkada bat pasatxora, 1522ko uztailaren erdialdean, azken gaztelua setiatu eta birrindu zuten: Amaiurkoa, besteak beste, Iruñetik Baionarako bidea zaintzeaz arduratzen zen gotorlekua. Amaiurko gazteluan setiaturikoak izan ziren Nafarroako Erresumaren subiranotasuna defendatu zuten azkenetakoak. Handik aurrera, Nafarroa Beherea izan zen nafarren subiranotasunari eutsi zion azken lurraldea.
Gaur, gertakari haietatik 500 urte zehatz betetzen direla gogoratzeko, ekitaldi politikoa egin dute Amaiur herrian eta bertako gazteluan. Euskal Herri osotik joandako ordezkari politikoek eta dantzariek bat egin dute gaztelu zaharraren oinetan. Tartean, Iurretako dantzariek. Euskal Herriko gainerako lurraldeetako dantzariekin batera, iurretarrek dantzekin egin dute oroimen ekitaldirako ekarpena. Herriko kaleetan egin dituzte dantzak, eta gazteluan familia argazkia atera dute gero.