Iurretan labain ez egiteko tratamendua egingo dute bide-zoruan aurrekontu parte hartzaileen barruan

Anboto 2022ko eka. 29a, 10:01

Iurretako Udalak bide-zoruan ez labaintzeko tratamendua egingo du eta Bidebarrieta kalean gabonetako dekorazioa jarriko du. Bi egitasmo horiek batu dituzte boto gehien aurtengo aurrekontu parte hartzaileen barruan. Bestalde, datozen asteotan komun publikoa jarriko dute, iazko aurrekontu parte hartzaileetan eskatutakoa gauzatuz.

Iurretarrek bederatzi proiekturen artean aukeratu dituzte aipatutako bi egitasmoak: bide-zoruan ez labaintzeko tratamendua egitea (28.429 euro) eta Bidebarrieta kalean gabonetako dekorazioa jartzea (20.449 euro). Iurretako Udalak 50.000 euroko aurrekontua du eta boto gehien lortu dituen proiektuak 30.000 eurotik gora eskatzen dituela kontutan hartuta, aipatutako bi egitasmoak gauzatzea erabaki dute.

Guztira 157 pertsonak parte hartu dute aurtengo prozesu parte hartzailean. Ekainaren 5ean amaitu zen bigarren fasea.

Bestalde komun publikoa jarriko dute datozen asteotan Amilburun. Iazko aurrekontu parte hartzaileetan horixe izan zen nagusitu zen proiektua. "Aurten hornidura-arazoak izan direnez, kokapen hori aurreikusitakoa baino gehiago atzeratu da, baina laster, iaz aukeratutako hiri-inguruneko komun publikoa Amilburun jarriko da", argitu dute udal arduradunek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!