“Asko daramat Iurretako anbulatoriotik, eta zer esanik ez lankideengandik"

Anboto 2022ko eka. 26a, 10:30

Iurretako anbulatorioko lehenengo mediku eta erizain talde hartako azkena da Angela Hernandez. 1988an hasi zen bertan lanean, erizain-laguntzaile, Durangoko anbulatorioan hiru urte egin eta gero. "Iurretarrak nigaz eramango ditut beti", dio Gurutzetakoak.

 Iurretako anbulatorioa uzteko ordua heldu da. Zelan daramazu? 
Beti esan dut Iurretako anbulatorioa nire bigarren etxea dela. Bada, aurkako sentimenduak sortzen zaizkit. Pozik nago etapa berri bat hasi behar dudalako, gogotsu eta plan askogaz, baina pena ere badut. Asko daramat Iurretako anbulatoriotik, eta zer esanik ez izan ditudan lankideengandik. Bigarren familia bat dut Iurretan. Beti hartu-emana mantendu dugu lanera beste nonbaitera joan direnekin, edo jubilatu direnekin, eta nik ere mantenduko dut. Paziente asko agurtzen nabil, betidanik ezagutzen ditudanak, batez ere. Dagoeneko ez dauden paziente horietaz ere gogoratu naiz.

Lehenengo talde hartako azkena zara.
Bai, gaztea nintzela hasi nintzen! Denak jubilatuz joan dira. 

Aldatu egin da lan egiteko modua?
Erizain gutxi izan da beti Iurretan, eta haiei laguntzea izan da nire lana. Nire profilak onarturiko lanak hartzen joan naiz urteotan eta ez dut sentitu lana asko aldatu denik. Gainera, denok elkarlanean jardun izan dugu beti. Talde kontzeptu hori inon existitu bada, Iurretan izan da. 

Lehen arreta denon ahotan dago azkenaldian. Behar den moduan zaintzen dela uste duzu?
Ez, eta epaitu egiten gaituzte, gainera. Egia ez diren gauzak entzuten dira etengabe politikarien ahotik, eta herritarrek mezu horiek sinisten dituzte. Prestigioa galdu dugu. Lehen arreta pikutara botatzen dabiltza. Hor ikusi dut aldaketarik handiena, berehala dena aldatu da, orain dela urte batzuk baloratuagoak ginen. Orokorrean, komentario asko entzuten da kalean. Lehen arretako zentroak lehenengo osasun hartu-emana dira, eta ezinhobea da hori. Estimu hartu-emanak sortzen dira, oso gertukoak. Paziente asko ez dator medikuarengana, terapia egitera baino. Lehen arretako medikuak oso maitatuak dira. Hau guzti hau lehen arreta osora estrapolatu daiteke.

Hainbeste urteren ondoren, pazienteei maitasuna hartzen zaie?
Bai, handia. Agurtu naizenean, batzuek besarkatu egin naute. Denbora da hainbeste besarkada jaso ez dudala. 

Zeren falta igarriko duzu gehien?
Lankideekin egunero izan dudan hartu-emanaren falta, partekaturiko momentu intentsoen falta. Kafea hartzeko tartean, dena partekatzen dugu, hezur eta mami gara. Eta herritarren esker onaren falta ere igarriko dut. 

Zer egingo duzu orain?
Musika asko gustatzen zait eta baliteke pandemiagaz etendako piano eskolak berreskuratzea. Areto-dantzak ikastea ere pentsatu dut, dantzagaz frustrazio txiki bat ere badut eta. Bestetik, bizitzagaz aurrera egitea. Barakaldoko Zigor abesbatzako kide ere banaiz, eta irailean itsas-bidaia bat ere egingo dut haiekin. Jubilazio oparia izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!