Hezkuntzagatik diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute Iurretan

Anboto 2022ko eka. 21a, 12:26

Ikasturte honetan haurtzaindegitik DBHra bitartean eskolatutako seme-alaben hezkuntza-gastu orokorrak zati baten ordaintzeko emango ditu Iurretako Udalak diru-laguntzak. Laguntza hauetara 10.000 euro bideratuko dituzte.

Diru kopuru zehatz batekin lagunduko du udalak, familia errentaren, seme-alaben edo ardurapeko adingabeen ikasketa mailaren eta kide kopuruaren arabera zehaztuko dena. Honako tarteak zehaztu dira: Haurreskola (150 euro), Haur Hezkuntza (45 euro), LH osoa eta DBHko 1. eta 2. maila (45 euro), eta, DBHko 3. eta 4. maila (75 euro). 

Famili-unitate osoa Iurretan erroldatuta egotea beharrezkoa da, gutxienez, urtarrilaren 1etik aurrera, eta haurtzaindegitik DBHko 4. mailaraino eskolatutako seme-alabak edo ardurapean adingabeak izatea. Iazko urtarrilaren 1etik eskatzailearen bizilekuan erroldatuak egon behar dira, eta, udaletik jakin eragin dutenez, "ardurapean dituzten seme-alabak eta adingabeak behar bezala eskolatuko direla bermatzeko konpromisoa" hartu behar da. Gaineratu dutenez, "irakasleek, ikastetxeetako organoek eta hezkuntza-administrazioek egiten dizkieten eskakizunak betetzeko konpromisoa ere" ezinbestekoa da.

Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo www.iurreta.eus webgunean eskuratu daiteke eskabide-orria, eta familia bakoitzeko eskabide-orri bakarra tramitatu ahal izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!