Iurretan, 35 lagunentzako lekua duen ikasgela berria zabaldu dute

Anboto 2022ko eka. 17a, 11:01

Gaurtik aurrera, zabalik dago Iurretan 35 lagunentzako lekua duen ikasgela berria.16 urtetik gorako iurretarrei eman gura die zerbitzua, eta ordutegi zabala izango du: astebarruan 09:00etatik 21:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 10:00etatik 20:00etara.

Ibarretxe kultur etxean izena eman eta gero, erabiltzaileek urtebeteko iraupena izango duen sarrera txartel pertsonala eta besterenezina izango dute, eta txartel horren bitartez sartu eta urten ahal izango dute ikasgela berrira. Dagoeneko 6-7 lagunek eman dute alta, udal ordezkariek argitu dutenez.

Premiei erantzuteko

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu dutenez, "alde batetik, liburutegia arindu beharra ikusten genuen, eta, bestetik, liburutegiko ikasgelaren erabiltzaileek planteatzen zituzten beharrizanei erantzuteko premia: ordutegi zabalagoa eta malguagoa, liburutegiaren ordutegiari lotuta ez dagoena eta egunero erabili ahal izango dena; asteburuetan ere bai. 

Lokalak 90 metro koadroko azalera erabilgarria izango du eta horietatik 65  ikasgela eremurako erabiliko dira. Gainerakoa sarrera txiki batean, komun batean eta barruko patio batean banatuko da. Sei lagunentzako bost ikas-mahai ipini dituzte eta beste mahai jarraitu bat hormaren kontra. Gune bakoitzak hargune elektronikoa izango du. Dena dela, espazio guztiak wifirako sarbidea izango duela gaineratu dute udal arduradunek. Atseden hartzeko espazio txiki bat ere egokitu dute.

"Ikasteko leku apropos bat sortzea izan dugu helburu. Izan ere, Kultur etxea dinamiko bat gura badugu, eta hainbat kultur ekintzak antolatu, bateraezina gerta daiteke ikasteko, kontzentratzeko, beharrezko isiltasuna egotea. Gainera, ez dugu gura ezta kultur etxea ekintzak antolatzeko orduan mugatuta egotea ere ez", nabarmendu du Totorikaguenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!