1968tik 1981era bitartean Iurretan egondako ikastolaren historia jaso eta transmititzeko helburuz landu dute liburua Kristina Mardarasek, Justo Alberdik, Jon Irazabalek eta Markel Onaindiak. Gerediaga elkarteak argitaratu du lana, eta Iurretako Udalaren laguntza jaso du. Eñaut Aiartzaguenak egin du liburuaren diseinua.
Liburuaren egileek azaldu dutenez, "60ko hamarkadan, oraindik Frankismo betean, ikastolen mugimendua hedatu zen Euskal Herrian zehar, euskara diktaduraren zulo beltzetik berpizteko asmoz. Durangaldean ere hainbat herritan zabaldu ziren ikastolak; Durangon lehenik, 1966an, eta hurrengo urteetan gainerakoak. Iurretan 1968ko urrian zabaldu zituen ateak, guraso talde baten eta Julen Kaltzada eta beste ekintzaile batzuen inplikazioari eskerrak".
Urioletan eta sute batean dokumentazio asko galdu izana liburua osatzeko zailtasunetako bat izan da. 60 elkarrizketatik gora egin dituzte leukotzak jaso eta historia osoa bizipen horiekin josteko.
Liburuan jasotzen denez, Goiuria ikastolaren bultzatzaileek traba asko gainditu behar izan zituzten. Esaterako, erregimenaren inspektoreak birritan zarratu zuen ikastola, eta etxeetan eman behar izan zituzten klaseak, era klandestinoan. "Zorionez, oztopen gainetik aurrera egin zuen ikastolak. Herriko umeek euskaraz ikasi ahal izateko, auzolan handi bat garatu zuten guraso, irakasle eta gazte ekintzaileen artean", gaineratu dute.
1981ean, Maiztegi herri eskolagaz fusionatu zen Goiuria ikastola, euskararen hezkuntzari zabalpena emanda. Historia guzti hori kontatzen da liburuan. Ikastolan ibilitako guraso, ikasle, irakasle eta ekintzaileak elkarrizketatu dira informazioa lortzeko, eta euren testigantzetan oinarritzen da kontakizuna. Irakasle haietako batzuek ere parte hartuko dute liburuaren aurkezpen ekitaldian.
Liburudendetan salgai
Aurkezpenetik aurrera, liburua hurrengo dendetan egongo da salgai, 10 euroren truke: Iurretakopin, eta Durangoko Artekan, Hitzen eta Urriken. Gainera, Elkar banaketen esku ere egongo denez, beste edozein herritako liburudendetan ere eskatu ahalko da.