Herrian erosi eta kontsumitzeko kanpaina berria abiatu dute Iurretan

Anboto 2022ko eka. 7a, 11:06

Alex Palacios, Dendak Bai elkarteko lehendakaria, Beatriz Izarzugaza Izarbe dendakoa, Rakel Parra Alimentación Rakel dendakoa, eta, Iñaki Totorikaguena alkatea.

Iurretako Udalak herriko merkataritza sustatzeko kanpaina berria jarri du martxan Dendak Bai elkarteagaz elkarlanean. 'Iurretan erosi eta osatu herria!' lelopean abiatutako ekimenak uztailaren 3ra arte iraungo du.

Iurretako saltoki eta ostalaritzan egindako 20 euroko gutxieneko erosketa bakoitzeko, pegatina bat lortu ahalko dute bezeroek eta pegatina horiekin lau zatiko puzzle bat osatu beharko dute. Erosketaren tiketa edo tiketak HAZ bulegoan aurkeztu beharko dira (Bidebarrieta, 5) eta  askotariko produktuekin betetako 20 erosketa-karroren zozketan parte hartzeko aukera egongo da.

Pegatina bakoitza kanpainak irauten duen astelehenetan egongo da eskuragarri, eta kanpaina amaitu arte edo izakinak agortu arte lortu ahal izango da. Puzzlea pegatina ezberdinekin osatu ondoren eta zozketan parte hartzeko, uztailaren 6ra arte HAZ bulegoan egongo den postontzian sartu beharko da.

Iurretako Udalak merkataritza eta ostalaritza sustatzeko kanpainen alde egin du apustu azken urteotan, udal ordezkariek gogratu dutenez, "herriko denda eta ostalaritza establezimenduetan egiten diren erosketak indartzeko eta bultzatzeko helburuagaz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!