Kulturarteko bazkaria eta arrozen dastaketa egingo dituzte Iurretan, Kultur Aniztasunaren Astearen barruan

Anboto 2022ko eka. 2a, 11:43

Iurretan Kultur Aniztasunaren Astea  antolatu dute, urte biko etenaldiaren ondoren. Berbaldia eta mahai-ingurua antolatu dituzte egunotarako, eta, zapatuan, egun osoko jaia izango dute. 

Maiatzaren 21ean ospaturiko Kultur Aniztasunaren Munduko Egunaren harira, Iurretako Udalak ekitaldi sorta antolatu du, "kultur aniztasunaren balioa ulertzen eta elkarbizitza hobetzen laguntzeko. La Otra Mirada, Goiuriako Ama, Gurutze Gorria eta Marokoko Axoura, Maliko Fasoden, Palestinako Biladi, Senegalgo And Bolo eta Ghanako Ghana United elkarteak izan ditu udalak bidelagun. 

Gaurko mahai ingurua antolatu dute. Pertsona migratuen testimonioak; Iurretan izandako harrera prozesua, esperientziak eta bizipenak izenburupean jardungo dute Iurretako migratuek eta Biltzen, Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko ordezkariek. Mahai-ingurua 19:00etan izango da, Ibarretxe kultur etxean.

Bihar, ekainaren 3an, Gurutze Gorriko ordezkariek eskainiko dute berbaldi-solasaldia. Asiloa eta harrera Ukrainako krisi humanitarioaren aurrean izango dute hizpide, 11:00etan, Ibarretxe kultur etxean.

Egun osoko jaia

Bestalde, ekainaren 4a, egun osoko jaia izango dute Askondon. Herriko elkarteak arroza egiteko batuko dira, 11:00etan; eta,11:30ean, tea dastatzeko. Henna eta txirikorda tailerrak antolatu dituzte 12:00etarako, eta Ghanako musikak alaituko du jai giroa. 13:30ean, elkarteen arteko arroz lehiaketa eta dastatzea hasiko da, eta, gero, kulturarteko bazkaria egingo dute, kafe dastatze eta guzti. Musikagaz amaituko dute eguna.    

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!