Iurretako Jubilatuen Etxea berriztuko dute irisgarritasuna hobetuz

Anboto 2022ko mai. 3a, 10:39

Goiuriako Ama nagusien elkarteko juntako kideak, Iñaki Totorikaguena alkateagaz eta Itsaso Garamendi zinegotziagaz

Iurretako Jubilatuen Etxea berriztuko dute, irisgarritasuna hobetuz eta traba arkitektonikoak kenduz. Seinalitika ere hobetuko dute eta altzariak ordezkatuko dituzte. Udalak 170.000 euroko inbertsioa egingo du 2021eko aurrekontuan jasotako proiektua gauzatzeko. Lanak uda ondoren hastea aurreikusi dute.

Iurretako Udalak Goiuriako Ama nagusien elkarteko proposamenak batuta osatu du Jubilatuen Etxea eraberritzeko proiektua. Guztira 273 metro koadroan eragingo dute lanek, zati bitan banatuta. Kafetegiko barra, sukaldea, despentsa, hainbat zerbitzutarako lokala, biltegi bat eta erlkartearen bulegoak hartzen ditu egoitzak. 

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "lokala nagusien egungo beharretara egokitzea" da helburua. "Espazio moderno eta atsegina eduki nahi dugu, bai ohiko erabiltzaileentzat, bai edozein unetan hurbildu nahi duten herritarrentzat”, nabarmendu du.

Jubilatuen Etxea eraberritzeko lanen barruan, altzari guztiak berriztuko dira, lokalaren kanpoko arotzeria ordezkatuko da, instalazio elektrikoa eta klimatizazio-sistema egokituko dira, eta, argiztapen berria jarri. Zorua aldatuko da eta sabaia eta horma berriak margotuko dira. Era berean, beharretara egokitutako seinaletika aldatuko da, baita Braille sisteman ere. Komunak eta txorrotak ere konponduko dira, udal ordezkariek argitu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!