Mozorro kalejira eta tortilla txapelketa antolatu dituzte Iurretako Oromiño auzoan

Anboto 2022ko api. 28a, 10:30

Jai giroz bustitako asteburua dute aurretik Iurretako Oromiño auzoan. Besteak beste, mozorro kalejira, tortilla txapelketa eta Luhartz taldeagaz erromeria izango dituzte.

Domekara bitartean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte sanmarkoak ospatzeko. Barikuan, apirilaren 29an, Bizkaiko Taldekako III. Bertsolari Txapelketaren kanporaketa jokatuko da, 19:30ean. Ondoren, afari mokadua egiteko aukera egongo da.

Mozorro kalejira egingo dute zapatu eguerdian, eta, iluntzerako tortilla txapelketa antolatu dute. Antolatzaileek argitu dutenez, bakoitzak eramango ditu behar dituen osagaiak eta gailuak. Jakin eragin dutenez, sari "interesgarriak" egongo dira. Gau giroa, bestalde, Luhartz plaza taldeak berotuko du.

Domekan, meza egongo da 12:00etan, eta, jarraian, Iurrretako Mikel Deuna dantza taldekoek dantza erakustaldia eskainiko dute. Arratsaldean ere egongo da zer ikusi: Maiztegi herri eskolako umeek saioa eskainiko dute, 17:00etan, eta, 18:00etan, Zirkoetxe umeentzako zirku ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Txokolateagaz eta errifaren zozketagaz agurtuko dituzte sanmarkoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!