Jose Martin Etxebarria, Iurretako lehenengo alkatea hil da

Anboto 2022ko api. 11a, 15:40

Iurretako Udalaren 20. urteurren ekitaldiko irudi bat. Iurretako alkateak Jose Martin Etxebarriari oroigarri bat ematen. (Argazkia:@itotorikaguena)

Iurreta Durangotik bereiztu eta hurrengo urtean hartu zuen aginte makila Jose Martin Etxebarriak, EAJk hauteskundeak irabazi ondoren. 1991tik 2007ra bitartean izan zen alkate. Bihar egingo dira hileta elizkizunak Aita San Migel elizan, 18:00etan.

Gaur egun Iurretako alkatea den Iñaki Totorikaguenak (EAJ) nabarmendu du "herriarekiko konpromiso handia" izan zuen gizona izan zela Etxebarria: "Dena egiteko zegoenean hartu zuen alkate kargua, horrek dakarren zailtasunagaz. Eta aurretik zuen erronkari heldu zion. Horrek duen meritoa aitortu behar zaio", adierazi du Totorikaguenak. "Berak hasitako lanari jarraitu diogu atzetik, bakoitzak bere estiloan", gaineratu du.

Jose Martin Etxebarria alkate zela, zinegotzi izan zen zortzi urtez Iñaki Totorikaguena. Etxebarriak eman zion udaleko aginte makila Totorikaguenari duela15 urte. 

Desanexioaren ostean

Batzar Nagusiek Iurretaren desanexioa onartu zuten 1989ko azaroaren 13an. 1990eko urtarrilaren 1etik hurrengo udal hauteskundeak egin arte, gestora batek kudeatu zuen herria. Behin-behineko udala kudeatu zuen gestora horretako presidentea izan zen Etxebarria.  

Jose Martin Etxebarria agurtzeko hileta elizkizunak bihar, apirilaren 12an, izango dira Aita San Migel elizan, 18:00etan.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!