Airearen kalitatea egokia bermatzeko neurriak eskatu dituzte Iurretan, EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako mozio banatan

Anboto 2022ko api. 4a, 10:16

Airearen kalitateak arduratuta, mozio bana aurkeztu dute EAJk eta EH Bilduk Iurretan. Durangoko eta Iurretako airearen kalitatearen diagnostiko berri bat egitea eskatu dio Jaurlaritzari kualizo subiranistak. EAJk joan zen maiatzean adostutako neurri guztiak betetzea eskatu dio. 

Iurretako udalbatzarrak airearen kalitateari buruzko mozio bi onartu ditu, Iurretan eta Durangaldean gaiak sortutako kezkaren eraginez. EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako mozio bana onartu zituzten azken udalbatzarrean. 

Iurretako EH Bilduk airearen kalitateari buruzko diagnostiko berri bat egitea eskatu dio Jaurlaritzari, udalak diagnostikoaren prozesu osoan partaide eginez, "Durangoko Udalak eta Jaurlaritzako Ingurumen sailak hautemandako bentzeno-kontzentrazio handien fokuak identifikatzeko". Airearen kalitateari dagozkion parametroak "eguneratzea" ere eskatu diote, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituen balioak aintzat hartuz. EH BIlduk, atmosferako kutsadura-gertaeren aurrean herritarren osasuna bermatzeko jarduketa-protokoloei buruz Legebiltzarrean onartutako akordioak betearaztea ere eskatu du.

EAJk, aldiz, joan zen maiatzean, Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetzarekin egindako batzarrean, adostutako neurri guztiak betetzea eskatu dio Jaurlaritzari. Era berean, herritarrentzat informazio-saio bat antolatzea eskatu dute jeltzaleek, airearen kalitateari buruz, eta aurrerantzean airearen kalitate ona bermatzeko beharrezkoak izan daitezkeen neurriei buruz "gardentasunez" informatzeko.

Ikuspuntu desberdinak

Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, Durangoko enpresa bitan atzeman da arazoa: "enpresatariko batean sortutako arazoa konponduta dago eta, bestean, konpontzeko lanean dihardue", dio. Bestalde, nabarmendu du Teknaliak egindakoa usainen ingurukoa dela eta ezin dela airearen kalitateari buruzko txosten moduan hartu. Airearen kalitatea hobetzeko lanean jarraitu gura dutela azaldu du, elkarlana nabarmenduz.

EH Bilduko Eunate Zarrabeitiak argitu duenez, "foku bat detektatu izateak ez du esan gura beste batzuk ezin direnik egon, edo ez denik aztertu behar". Teknaliaren txostenaren harira dioenez, "usainei buruzko txostena egin du Teknaliak bai, baina usai horrek nonbaitetik datoz". Zarrabeitiak nabarmendu du osasuna dagoela fokoan eta hori defendatu behar dela.

Lan-mahai teknikoa

Bi alderdiek lan-mahai tekniko bat sortzea ere proposatu dute. EAJk erakundeen arteko lan-mahai tekniko bat proposatu du, eskualdeko airearen kalitatearen egoeraren etengabeko jarraipena egiteko. EH Bilduk, bestalde, eskatu du mahai horretan Ingurumen saileko ordezkariek, udalen ordezkarik eta erakunde ekologistetako ordezkariek parte hartzea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!