Hiru emakume artistek osatutako kolektiboa da Orekarte, "kultur sinergiarako espazioak" sortzea helburu hartuta. Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, "artistak, artisauak eta ganbaran gordetako hainbat objektu salgai jarri gura dituzten herritarrak elkar batuta erosketa jasangarriagoa bultzatzeko, bitartekaririk gabe". Aldi berean, artea eta kultura sustatu gura du Orekartek, eta Iurretan ekintza desberdin bat sortu.
Orekarte azoka 10:00etan zabalduko dute. Guztira 25 postu jarriko dituzte Askondoko karpan eta, eguraldiak lagunduz gero, herriko tabernen inguruan ere bai. Baserriko edota dekorazio objektuak, arropa, artisaulanak, artelanak... erakutsi eta salduko dituzte, zapatuan. Azoka 16:00ak ingurura arte egongo da zabalik. Durangaldeko eta Bizkaiko artisau eta kolektiboek parte hartuko dute. Era berean, Iurretako Juan Orobiogoitia Institutuko DBHko ikasleek ere jarriko dute postua, ikasturte amaierako bidaia egiteko dirua lortzeko.
Herriko tabernen laguntza izan dute Orekarteko bultzatzaileek. Hartara, Hegoi Petite trikitilariak girotutako triki-potea ere egongo da.