Smurfit-Kappa: "Egunotan behar beste egur sartzen ez bada, lantegia gelditu eta neurriak hartu beharko ditugu"

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 28a, 13:00

Iurretako Smurfit-Kappa fabrikan egun "oso kritikoak" dira gaurkoa eta biharkoa. Garraiolarien grebak bete-betean eragin dio enpresari, egurraren biltegiratzea agortzen ari zaie, eta eguntan beharrezko egur kantitatea ailegatzen ez bada, enpresak neurriak hartu beharko ditu.

Gaur martxan daude. Lanean ari dira. Baina datozen egunetan gertatu daitekeena ez dago batere argi. Garraiolarien greba dela eta, egunotan apenas sartu da egurrik Smurfit-Kappa lantegira, eta epe laburrean egoera aldatzen ez bada, enpresak neurriak hartu beharko dituela adierazi du. "Momentu honetako egoera da egun baterako egurra daukagula. Gaur beharrean gaude, baina bihar eguerdirako egurra sartzen ez bada lantegia gelditu beharko dugu. Guk 2.000 bat metro kubiko egur behar ditugu egunero, eta joan zen aste osoan 300 bat sartu zitzaizkigun. Horrelako emaitzekin ezin dugu aurrera jarraitu. Biltegiratuta genituen egurrak bihar amaitzen zaizkigu", azaldu dute enpresako arduradunek.

Dena den, enpresak "itxaropenez" begiratzen die etorriko diren egunei. "Kamioi batzuk sartzen hasi dira. Eta kamioilari batzuk jakinarazi digute bihar hona etorriko direla. Dena dela, 2.000 metro kubikoetara ailegatzeko asko falta da. Gaurkoa eta biharkoa egun oso kritikoak dira guretzat. Gaur eta bihar bitartean ez badira 1.000 metro kubiko baino gehiago sartzen hasten, aktibitatea gelditu beharko dugu", azaldu dute. "Eten hau egun pare bateko kontua bada, ez dugu neurririk hartuko. Baina kontua astebetetik igarotzen bada neurriak hartu beharko ditugu zoritxarrez", gaineratu dute. Enpresak Aldi Baterako Erregulazio Espedientea (ERTE delakoa) ipini dezake martxan.

300 behargin baino gehiago

Iurretako Smurfit Kappan enpresakoak bertakoak diren 250 bat behargin daude lanean. Eta beste 80 bat langile harreran zein garbitasunean dabiltza. Dena dela, enpresako arduradunek adierazi dute negozio osoaren eragin esparrua 1.500 beharginetara ailegatzen dela zeharka. Paper lantegira sartzen den egurraren %90 Euskal Herrikoa da. Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Arabatik ailegatzen da ia dena. Gainerakoa Soriatik eta Errioxatik (Espainia) etorri ohi da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!