Iurretako Santa Apoloniako industri eremua urbanizatuko dute, 16 partzela eraikigarri sortuz

Anboto 2022ko mar. 23a, 17:00

Iurretako Udalak Santa Apoloniako industri eremua urbanizatzea onartu du. 85.000 metro koadroan 16 partzela eraikigarri sortuko dituzte. Era berean, berdegune berriak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak eta aisialdi gune berri bat egokituko dituzte. Guztira, 3,27 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Iurretako Udalak finkatu gabe dagoen Santa Apoloniako industria-lurzoruaren urbanizazioa onartu du. Udal arduradunek azaldu dutenez, martxan dauen enpresek espazio berriak behar dituzte beren jarduera garatzeko eta instalazioak hobetzeko. Industria-sektore honek 85.000 metro koadro hartzen ditu, eta "neurri handi batean, industria-eraikin isolatuek eta eraikuntza osagarriek okupatzen dute", azaldu dute udal arduradunek.

2009n hasi zuten urbanizazio proiektua, baina bertan behera geratu zen orduango krisi ekonomikoaren eraginez. 2019an hartu zuten berriz proiektua, lurzoruaren %50etik gorako jabeekin Hitzarmen Batzordea sortu zenean. “Santa Apoloniako industrialde honetako jarduera ekonomikoek garatzeko eta ingurumen-kalitatearen estandarretara egokitzeko beharrezkoak diren zerbitzuak lortzeko beharra dute, eta horretarako ingurunea birgaitu eta urbanizatu behar da", Iñaki Totorikaguena Sarrionandia Iurretako alkatearen berbetan. Proiektuak lehendik dauden jardueren saneamendu-sare berria, urez, gasez, telekomunikazioz, argiteriaz,hondakin-kudeaketaz eta abarrez hornitzeko sare berria aurreikusten du gaineratu duenez. "Polígono modernoa eta jasangarria”, alkatearen berbetan.

Berdegune berriak eta aisialdi gune bat

Bestalde, Durango eta Arandia lotzen dituzten egungo oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak mantendu eta hobetuko direla azaldu dute, eta Ibaizabal ibaiaren erriberako eremua berreskuratuko dela, "espezie inbaditzaileak ezabatzea barne". Ibaitik hurbilen dagoen zuhaiztia mantenduko da, eta berdegune bat eta oinezkoentzako pasealeku bat sortuko dira. Gutxi gora behera 8.000 metro koadro hartuko ditu.

XVII. mendeko Iturriotz baserria kontserbatuko dute, jatorrizko bolumenari eta egiturari dagokionez. Horretarako desmuntatu egingo da, gero harriz harri berreraikitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuaren jarraibideei jarraituz. Baserria 50 metro mugituko da San Apoloniarantz, eta aisialdirako gune bat sortuko da baserriaren alboan, udal arduradunek argitu dutenez. Horrez gain, ibilgailu elektronikoak kargatzeko zazpi aparkaleku publikoko gune bat prestatuko da.

Iurretako Udalak aurreikusi du datozen hilabeteetan Hitzarmen Batzordeak pleguak onartzea eta obren lizitazioa  egitea. Urbanizazio lanek 3,27 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta urtebeteko epea aurreikusi dute lanak amaitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!