Iurretako Udalak argiteria publikoaren mantenu-lanetarako lizitazioa jarri du martxan

Anboto 2022ko mar. 22a, 10:37

Iurretako Udalak lehiaketa publikora atera du argiteria publikoaren sarearen mantentze eta kontserbazio kontratua. Horretarako 95.590 euroko aurrekontua lotu dute. Urte biko iraupena izango du, eta beste bi urtez luzatu daiteke.

Argiteria publikoaren mantentze-zerbitzuak gaur egungo instalazioen funtzionamendua, kontserbazioa eta egokitzapena kontrolatzeko lanak batuko ditu. Aipatutako instalazioek 1.500 argi-puntu baino gehiago batzen dituzte, herri osoko 28 aginte eta kontrol zentrotan banatuta. Bestalde, premiazkoa denean mantentze elektronikoko lanak kontratatu ahalko dira udal eraikin eta udaleko beste instalazio  elektrikoetan.

Iñaki Totorikaguena alkateak adierazi duenez, " zerbitzu berriak kudeaketa-sistema zentralizatua izatea gura dugu, inbentariora, argi-neurrietara eta matxuren kudeaketara heldu eta sareko kontsumoak eta gorabeherak denbora errealean monitorizatu ahal izateko, modu eraginkorrean". Gaineratu duenez, "eraginkorragoak izatea" eta "gutxiago kontsumitzen saiatzea" da helburua.

Hiru mantenu-lan bereizten ditu kontratuak: oinarrrizko mantenu-lana, mantenu-lan prebentiboa eta aparteko zerbitzuak. Udal arduradunek nabarmendu dutenez, "argiztapen-instalazio guztien energia kontsumoa kontrolatuko da, behar diren energia-eraginkortasun eta aurrezpen mailetara egokitzeko".

Kontratuaren lehenengo sei hilabeteetan, argiteria publikoaren inbentarioa eguneratuko da GIS sistemaren bidez. "Sistema horretan, instalazioko elementu  gutziak agertuko dira. Eta, argiteria publikoaren sareko argi-puntuak fisikoki markatuko dira itsasargiak erabiliz. Hau guztia instalazioak hobeto kontrolatu eta mantentzeko helburuagaz egingo da", azaldu dutenez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!