Iurretako V. Beer Azoka ospatuko dute zapatuan

Anboto 2022ko mar. 17a, 13:30

Duela hiru urte ospatu zen Iurretako Garagardo Azokaren irudi bat

Aurrez aurreko Iurretako Beer Azoka berreskuratuko dute, martxoaren 19an. Lau garagardoegilek parte hartuko dute bosgarren edizioa duen azokak, eta antolatzaileek 17:00etatik gau erdira arteko egitaraua prestatu dute. Bodegillak, Orekak eta Gauargi tabernek babestutako ekimena da.

2020an online azoka egin ondoren, Iurretako V. Beer Azoka ospatzeko dena prest zuten antolatzaileek abenduan, aurrez aurrekoa berreskuratuz. Hala ere, osasun egoerak bultzatuta geroago eta finkatuagoa dagoen azoka atzeratu beharrean izan ziren. Hartara, martxoaren 19an egingo dute Iurretako V. Beer Azoka. Hala ere, ekitaldiak 17:00etan hasiko dira. "Pena handiz, baina, goizeko ekitaldirik antolatzeko aukerarik ez dugu izan", azaldu du Ekaitz Alberdi antolatzaileetariko bat. Umeentzako talo tailerrak bertan behera geratu dira, besteak beste. 

Guztira lau garagardogile batuko dira Askondoko aterpean, eta inoiz aurretik zerbitzatu gabeko garagardoak eskainiko dituzte. "Garagardo eskaintza oso ona", izango dute zapatuan iurretara hurbilduko diren garagardozaleek, Alberdik nabarmendu duenez. Horrez gainera, Durangaldeko Bizio gastronomia proiektuaren eskutik parrillan erretako haragi ketua dastatzeko aukera egongo da. Tenperatura baxuan erreko dute okela 15:00etan hasita. 

Ekitaldi sorta

KSK-ren eskutik biniloak jarriko dituzte 17:00etan, eta garagardogileekin tertulian aritzeko aukera egongo da, 19:00ak bitartean. Igel txapelketa eta Biziok parrillan erretako okela ketuagaz egindako otartekoak ere egongo dira. Bestalde, kontzertua emangio du Jaimones taldeak 20:30ean, eta, 22:05ean Galazota taldearen txanda izango da. Tartean, zozketa ere egingo dute antolatzaileek.

Azoka gero eta finkatuagoa

Garagardo azokak izango duen harreraren zain daude antolatzaileak. "Adin tarte zabala hartzen du Iurretako Beer Azokak, egun osoko ekitaldia antolatzen dugu, eta oraingo honetan egindako aldaketekin ez dakigu erantzuna nolakoa izango den". Iurretako Garagardo Azoka gero eta finkatuago dagoela nabarmendu du Alberdik, "garagardo eta garagardogileen mundu horretan badu bere lekua Iurretako azokak. Apurka apurka prestigioa hartzen ari da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!