Iurretan egoiliarrentzako 30 aparkaleku berri jarri dituzte

Anboto 2022ko mar. 11a, 17:05

Tellituko urbanizazioa amaitu ondoren, iurretarrek 30 aparkaleku berri dituzte. Bihartik aurrera egongo dira erabilgarri. Ibarretxe kultur etxearen inguruan, eta, Bidebarrieta, Maspe eta Zubiaurre kaleetako aparkalekuetan daudenei gehituko zaizkie.

Trafiko eta aparkamenduaren ordenamenduaren (TAO) aldaketa eginda 230 leku daude egoliarrentzat Iurretan. Eremu honetan egoiliar-txartelarekin baimendutako ibilgailuak baino ezin dira aparkatu eta eguneko 24 orduetan dago indarrean, urteko egun guztietan, abuztuan izan ezik. Plaza berri horiekin, Iurretako Udalak aparkaleku-sistema "arrazional eta ordenatuaren aldeko apustua" egiten jarraitu gura du, ohar batean azaldu dutenez.  Totorikaguena alkarteak dioenez, “hirigunean bizi diren bizilagunentzako aparkalekuak bermatzea da helburua, eta, horrez gain, egoiliarrentzako ez diren aparkalekuen txandaketa erraztuko duten neurriak ezartzea, modu ordenatuan eta orekatuan, betiere hirigunean lurzoru gutxi dagoela kontuan hartuta”.

Iurretako txandakako plazei dagokienez, errotazio handiko bi berdegune daude Bixente Kapanaga kalean eta Bidebarrieta kalean, bertan gehienez ere 20 minutuz aparka daiteke. "Errotazio handi horri esker, kudeaketa eta erosketa azkarragoak zailtasunik gabe egin ahal izango dira, eta, hala, tokiko merkataritzari mesede egingo zaio", argitu dutenez. Errotazio urdineko eremuak, berriz, kultura-etxetik hurbilen dagoen aparkalekuan daude, eta Maspe, Askondo eta Bidebarrieta kaleetan. Guztira, 50 leku daude eta hauetan ordu eta erdiz aparka daiteke gehienez. Iaz, 36.386 errotazio eta errotazio handiko tiket atera ziren instalatutako lau parkimetroetan.

Totorikaguenak azaldu duenez, “ hiriguneko bizilagunei lehentasuna ematea da helburua; eta, merkataritza eta iraupen txikiko kudeaketak bultzatzea ez ezik, oinezkoentzako guneak eta egoteko eremuak handitzea, ibilgailuen trafikoak hirigunean duen eragina mugatuz”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!