[BIDEOA] “Kontsumitzaile modura, arropa hobeto eta gutxiago erosteko kontzientziatu behar gara”

Jone Guenetxea / Ekaitz Herrera 2022ko mar. 5a, 12:00

Ifeelnut markako Maite Grande arduradunak dio arropa erostea erreflexiboa izan beharko litzatekeela, eta ez inpultsiboa. Jasangarritasunaren inguruan pausoak ematen dabiltza. Marka honek stock barik lan egiten du, adibidez. Merkealdien salmenta kontzeptua ere birdefinitu dute.

Zelan hasi zinen modaren munduan?
Kasualitate baten emaitza izan zen. Batxilerra amaitu nuenean arkitektura ikasten hasi nintzen. Oso galduta nengoen. Durangoko lagun batek moda ikastera zihoala esan zidan eta nik ere hori ikastea erabaki nuen. Agian, intuizioz hartuko nuen erabaki hori. Geroago, modaren mundua zeinen interesgarria zen konturatu nintzen.

Non ikasi zenuen?
Bilboko zentro pribatu batean. INEDI deitzen da. Lau urtean ikasi nuen han.

Zelan eman zenuen ikasle izatetik sektore honetan enpresa bat sortzeko jauzia?
Ikasketak amaitu nituenean praktikak egin nituen uda horretan. Enpresa pare batean ere lan egin nuen, patronista. Hemen hasi aurretik, gelakide bategaz proiektu bat hasi nuen. Esperientzia horiek guztiek akatsetatik ikasteko balio izan zidaten. Horrek ez du esan gura hamar urte hauetan akatsik egon ez denik. Egon dira batzuk.

Zein momentutan erabaki zenuen zure proiektu propioari ekitea?
Beti izaten duzu buruan ekintzailea izatea, baina gelakideak esan arte ez zen aukera hori sortu. Bion arteko proiektua genuenean, bide ezberdinetatik gindoazela ikusi nuen, eta horrela erabaki nuen neureari ekitea.

Zelakoa izan zen hasiera?
Oso gogorra. Urteak pasatu ahala, urterik urte konturatzen zara aurreko urtean baino hobeto zaudela. Eta hurrengo urtean hobeto. Diru apur bat sortzen hasten zara, opor gehiago izaten... eta gauzek hobera egiten dute. 

Proiektua zeure kabuz martxan ipintzerakoan, zeure estilo propioa sortu duzu. Zein filosofia du Ifeelnutek?
Egiten dugunagaz gozatzea da helburua. Enpresa bat martxan ipintzen duzunean arazo txikiak eta arazo handiak sortzen dira.  Orain bost urte inguru ikasi nuen horretaz deskonektatzen. Benetako arazoak hor daude, eta guk arropa egiten dugu, ez kirurgiak. Beraz, arazo horietaz deskonektatzen eta gozatzen ikasi dut. Hemen asko gustatzen zaigu zeozer polita egiten dugunean txalo egitea. Ez daukagu afariak egiteko astirik, baina elkar txalotzeko bai.

Modak badauka artetik eta sorkuntzatik, baina enpresatik eta kudeaketatik ere bai. Zelan uztartzen dira alde biak?
Egia esan, niri gauza asko egitea gustatzen zait. Ekoizpenaren aldea eta negoziazioak dira ez zaizkidanak gustatzen. Orain talde bat dudanez, hori ere errazagoa da.

Zelako lantaldea zarete?
Orain lau pertsona gara, baina hasieran neu bakarrik nengoen, eta amaren laguntza nuen. Lantalde hau azken lau urteetakoa da. Lan egiteko moduari dagokionez, urtean kolekzio bi egiten ditugu, bat udarako eta beste bat negurako.

Modaren eta diseinuaren sektorean, zein zailtasun nagusi aurkitu dituzu?
Hasteko, enpresa baten lehenengo arazoa dirua da beti. Eta gure sektorean zehazki, marka handiak alde batera utzita, txiki asko daude. Borroka horretan sartzea eta herrialde bakoitzean komertzial bat izatea kosta egiten da. Behin saltzen hasten zarenean, beste aldea konpondu behar duzu. Bestalde, estatuan ekoiztu gura dugu, baina ehungintzaren sektorea ez dago ondo. Kosta egiten da tailerrak aurkitzea. Tailer txikietarako larregi ekoizten dugu, eta handietarako gutxiegi. Beste arazo bat da inork ezagutu barik zure lanari balioa eman behar diozula, erosten duzunagaitik prezio duin bat ordainduz.

Komertzialki zelan lan egiten duzue?
Estatuan lan egiteko, komertzial bategaz zazpi bat urte daramatzagu. Bestela, ezinezkoa da saltzea. Hasieran zuk zeuk deitu dezakezu, baina zaila da. Gainera, saltzea ez da nire indargunea. Orain, Belgikan ere komertziala dugu, eta Alemanian ere bila gabiltza. Salmentak normalean showroom baten bitartez egiten dira. Diseinua eta produkzioa gauza bat dira, baina salmenta beste bat da. Beraz, guk kolekzioa showroomean aurkezten dugu eta gero eurak dira dendekin berba egiten dutenak. Beraz, bitartekari hori dugu.

Orain zein kolekziogaz diharduzue?
Udako kolekzioa banatzen gabiltza eta hurrengo udarako egiten hasi behar gara. Oihal berriak aukeratuta ditugu eta berriro diseinatzen hasi behar gara.

Zelan eragin dizue pandemiak?
Igarri dugu aldaketa pandemian, baina positiboa. Uste dut jendea gogoeta egiten dabilela erosketaren kontzeptuaz. Jendeak bertan ekoiztutako produktuen aldeko apustua egin du. Aldi berean, horrek badu ondorio negatibo bat. Izan ere, kanpoan ekoizten zuten marka batzuek bueltatu egin gura dute, eta handiak dira. Tailerretan konpetentzia handia izango dugu, eta agian ez dute lekurik izango guretzat.

Zelan antolatzen duzue lana?
Ekoizpenaren zati bat hemen mozten dugu eta tailerretara bidaltzen dugu. Bolumenaren arabera, kanpora ere ateratzen dugu. Bolumen gutxiagoko produktua bada, hemen egin dezakegu. Beharrizanetara moldatzen gara.

Zein iritzi duzue arropa ekoizpenaren eta jasangarritasunaren inguruan? Low cost delakoa geroago eta gehiago bultzatzen da. Kalitate baxuko arropa merke eta asko erostea gura dute. Horrek badu irtenbiderik?
Zaila da. Azken hamar urteotan atzerapauso handia eman da, baina posible da joera hori aldatzea. Kontsumitzaile modura, arropa hobeto eta gutxiago erosteko kontzientziatu behar gara. Planetan nahikoa arropa dago eta ez dago gehiago erosi beharrik. Arropa ekoizlea izanda, agian txarto dago nik hau esatea, baina horrela da. Marka txikiok egin behar duguna da kontsumitzailea hezi. Jendeak kalitatea baloratu dezala eta jantzi baten prezioa ulertu dezala. 

Merke erosten denean, zer dago horren atzean?
Kontsumitzaileek pentsatu beharko lukete arropa bat erosten dutenean ez dela magiaz sortzen denda batean. Jantzi baten atzean jende asko dago, ordu asko, familiak eta bizitzak, eta horiek dira garrantzitsuenak. Beraz, denda batera joaten direnean eta arropa bat merke erosteagaitik alaitzen direnean pentsatu dezatela oihala kontuan hartuta bakarrik prezio hori ez dela duina. Jantzi bat hain merkea denean, pentsatu behar dute eurek ez dutela ordaintzen, baina beste norbaitek bai, lan baldintzetan, bizi baldintzetan edo planetak berak ere ordaintzen duela.

Zelan lantzen duzue gai hori?
Adibidez, ez dugu stockagaz lan egiten. Zeozer geratzen bazaigu, zarratu duen dendaren batek bueltatu duelako da. Edo soberan dugun oihalen bat aprobetxatzeko. Guk sei hilabete lehenago saltzen dugu, eta horregaz bizitzeko ematen badigu, horixe da behar duguna. Jarraikortasuna duten abrigoen kolekzioetan, orokorrean, ez dugu beherapenik ipintzen. Beherapenak izan arren, produktu horrek balio bera izaten jarraitzen du. Arropa mordo bat debaluatzea gero merkeago saltzeko ez du zentzurik. Kosta egiten da. Guk ere gura genuke dena saldu, baina gai hau serio hartu behar dugu, denok.

Denden eta interneten bitartez saltzen duzue, baina zein neurritan?
Batez ere dendetara saltzen dugu, online baino gehiago. Urtarrilean Ane lanean hasi zen gugaz, eta sare sozialak gehiago mugitzen hasi gara. Gure ahulgunea da. Hamar urte daramatzagu lanean eta jendeak ez daki oraindino Bilbokoak garela. Komunikazioa ez da izan gure indargunea. Taldea behar da denera heltzeko.

Zein erronka duzue momentu honetan?
Estatuan ekoizten jarraitzea erronka bat da. Tailerrak eskuragarri izatea gura genuke, eta Europan apurtxo bat saltzea, taldea apur bat handitzeko. Helburua ez da enpresa handi bat sortzea. Gura duguna da lantalde bat izatea; kontziliatzeko, adibidez.

Formakuntza saioak ere eman izan dituzue.
Hainbesteko lanagaz, bariku arratsaldeetakoa da mantentzen dugun kurtso bakarra. Hainbeste urtean jende asko pasatu da hemendik, eta euren gauzak egitera etortzen dira. Baina aurten ez daukagu talde berririk. Ikastaroak ematea asko gustatzen zait. Horrela, jendea hezi egiten da. Konturatzen dira jantzi bat egiteak zelako lana eskatzen duen. Gainera, oso ondo pasatzen dugu eta bezeroak izaten amaitzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!