Iurretako Udalak 2021eko Garapenerako Lankidetzako proiektuetarako diru-laguntza ematea ebatzi du eta aurkeztu diren bost proiekturen artean aukeratu du Medicus Mundi Bizkaia elkarteak Hondurasen garatu gura duena. Ura biltegiratzeko sistema bat eraiki gura du Medicus Mundi Bizkaiak San martin komunitatean. Aurrez aukeratutako zenbait etxebizitzatan 20 ur-biltegi eraiki gura dira. Lehen fase batean ekarriko dituen onurak identifikatuko dituzte. Ondoren, kotizazio-, erosketa- eta eraikuntza prozesua garatuko da. Prozesuan, familia onuradun bakoitzeko emakume bat inplikatuko da gutxienez, eta, erakunde komunitarioen babesa izango du; alegia, San Martin Sarearen laguntza.
Era berean, emakumeen sarea eta ur batzordea indartzeko prozesu bat bultzatuko da, ur bilketa, horren erabilera eta biltegiratzea landu eta San Martin komunitatean gaixotasun hidrikoak prebenitzeko, ohar batean azaldu dutenez. Era berean, ura Omoako udalerriarekin batera kudeatzeko estrategia komunitario bat sortuko da, komunitatean ur-jatorriko gaixotasunak prebenitzeko.
Proiektuak 7.239,13 euroko inbertsioa eskatuko du. ASODOC Hondurasko Mendebaldeko Garapenerako Elkarteak 895,36 ( %12,4), euro bideratuko ditu horretara eta San Martin Patronatuaren ekarpena (Omoako Udala) 1.343,78 eurokoa ( % 18,6) izango da.
Honako hauek izan dira aurkeztu dituzten gainontzeko lau proiektuak:
- Agua de Coco Fundazioa: “ Covid-19aren kontra haurrak babeste, elikadura-errefortzuaren eta sentsibilizazioaren bitartez – Tuléar- Madagascar”.
- Jorge Adolfo Freytter Romero. Estudios sobre la violencia política en América Latina y en su especialidad: Universidades públicas Colombianas (AJAFR) elkartea: “Memoriaren biografia. Freyttee kasuko emakumeak – Kolonbia” .
- “La Otra Mirada” elkarte humanitarioa: “Amatasunean espezializatutako zentro anbulatorioa Gouyar Sarr-en. Louga. Senegal, baliabide gutxiko haurtxoak dituzten emakumeei zuzendua”.
- Galdakaoko G.B.G.E. Boluntarioen Gizarte Elkartea: “Emakumearen etxea eta baratzea Nalaikgen, Ulaanbaatar, Mongolia, dibertsitate funtzionalak dituzten adingabeei eta baliabide gutxiko neskatoei zuzendua”.