Iurretako frontoian argiztapen eraginkorra jarriko dute

Aitziber Basauri 2022ko ots. 8a, 15:01

Iurretako Udalak Kepa Arroitajauregi frontoian argiteria hobetzeko lanak esleitu ditu. Guztira, 14.600 euroko inbertsioa egingo dute eta lanak amaitzeko bi hilabeteko epea zehaztu dute.

Orain dagoen argiteria kendu eta 500 watteko 14 led proiektore instalatuko dira, eta erregulazio- eta kontrol-sistema bat, % 50, % 75 eta % 100ean funtzionatzeko aukerarekin. Halaxe azaldu dute udal arduradunek. 

Aldaketak "aurrerapen handia" ekarriko du eraginkortasun energetikoari dagokionez. Izan ere, zehaztu dutenez, orain dauden halogenuro metalikozko lanpara eraginkorrenek 25.000 ordu irauten dute eta led lanparek 100.000 ordu baino gehiagoko bizitza erabilgarria dute.  "Halogenuroak baino 4 bider gehiago", gaineratu dute. "Kirol-instalazioetan orain arte erabilitako halogenuro metalikoen lanparek 15-20 minutu behar izaten dituzte funtzionamendu normaleko tenperaturara iristeko. Beraz, led argiek ez dute bakarrik gehiago irauten, baizik eta, beren bizitza baliagarriaren amaierara hurbiltzean, jatorrizkoaren % 90 inguruko argi-intentsitatea sortzen dute", azaldu duten helarazi duten oharrean.

Iñaki Totorikaguena Sarrionandia alkateak nabarmendu duenez, “horrelako jarduerekin udal eraikinetako argiteria publikoa hobetzeko, eraginkortasunez erabiltzeko eta energia aurrezteko konpromisoari eusten diogu, udalerriko ingurumena hobetzeaz eta karbono-aztarna gutxitzeaz gain”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!