Laneratzea laguntzeko plana jarri dute martxan Iurretan, beste urte batez

Anboto 2022ko urt. 25a, 10:57

Iurretako Udalak Gizarteratze Soziolaboralari Laguntzeko Plana jarri du martxan aurten ere. Langabetuak eta lanean egonda enplegua hobetzea bilatzen duten langileak gizarteratzea eta laneratzea du helburu plan horrek, eta, otsaila eta uztaila bitartean garatuko da. Urtarrilaren 31ra arte dago zabalik izena emateko epea, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ). 

Laneratzen laguntzeko planak garatzen ditu Gizarteratze Soziolaboralari Laguntzeko Planak, pertsona eta horrek dituen ahalmenak oinarri moduan hartuta , udal arduradunek azaldu dutenez. Iurretan, 2018an eta 2019an garatu ziren gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko lehen planak, eta parte hartu duten 39 pertsonetatik 17k lana aurkitu dute.

Integrando Fundazioko teknikarien eta laneratze planean parte hartuko duten pertsonen artean adostutako prozesua da, Iurretako Udalarekin eta lan aktibaziorako lan egiten duten baliabide publiko eta pribatuekin lankidetzan, udal arduradunen berbetan. Laneratzeko hainbat alderdi sakontzen dira: gaitasun pertsonalen hobekuntza, gaitasun profesionalak, prestakuntza-mailak, gizartearen eta komunitatearen parte hartzea, inguruko baliabideen eta enpresen ezagutza.

Enpresekin bitartekaritza lana

Plan irekia denez, aurretik parte hartu duten eta euren laneratze-prozesua hobetzeko interesa duten pertsonek ere parte hartu dezakete. "Horri esker, haiekin lanean jarraitu ahal izango dute, laneratzeko eremu aurreratuagoetan", udal arduradunek azaldu dutenez. Bide batez, gaineratu dutenez, bitartekaritza-lan sakonagoa egin daiteke inguruko enpresekin, helburu bikoitzagaz: "parte hartzen dutenek inguruko enpresekiko harremana eta sarbidea erraztea, eta, programak enpresekin duen lakidetza-konpromisoa transmititzea, izan ditzaketen giza baliabideen beharretara egokitutako profilak emateko orduan zein udalak, edo administrazio publikoak orokorrean, izan ditzakeen diru-laguntzen zein hobarien inguruko informazioa ematerakoan". 

Otsaila eta uztaila bitartean garatuko da programa, eta izena emateko epea urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik. Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ), 94 620 12 00 telefono zenbakira deituta edota haz-sac@iurreta.eus helbidera idatzita eman daiteke izena.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!