'Aizkorriko kanalak' hitzaldiarekin hasiko dute eguaztenean Iurretako V. Mendi Astea

Anboto 2022ko urt. 24a, 12:32

Zaldi Mendi Taldeak askotariko hitzaldiz eta dokumentalez osatutako ekintza sorta antolatu du eguaztenetik domekara bitartean.

Eguaztenean Xabi Mujika mendizale ordiziarrak eskainiko duen 'Aizkorriko kanalak' hitzaldiagaz hasiko dute mendi astea. 2005ean, Josu Izagirrerekin batera, Aizkorriko mendizerran dagoen Iralarrainardeara lehenengo igoera egin zuenetik, 50 igoera desberdin egin ditu gune hartan eta esperientzia horiek partekatuko ditu hitzaldian. Bere abenturak kontatzen dituen blog bat ere badauka.

Hurrengo egunean, Joseba Iztueta mendigoizaleak (Gabiria, Gipuzkoa, 1991) Pamir Erdialdeko Asiako medikatean egindako igoerak izango ditu berbagai. Hilabete batean Lenin Peak (7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan) eta Khan Tengri (7.010 metro, Tian Shan mendikatea, Kazakhstan) mendiak igo ditu, berak bakarrik.

Barikuan, Zaldairen iazko mendi erronka egitea lortu dutenak izango dira protagonista. Sari banaketa 19:00etan hasiko da Askondoko aterpean.

Mendi bizikleta martxa solidarioa

Zapatu goizean, Basatzan mendi bizikleta martxaren laugarren aldia antolatuko dute. Izen ematea interneten (zazpi eurotan) ala egunean bertan (10 eurotan) egin daiteke.  Batutako diru guztia Angelman sindromea elkartearentzat izango da.

Zapatu arratsaldean, berriz, Gallandarako mendi irteera antolatu dute, umeekin egiteko modukoa. Txikienek ibilbide erdian batzeko aukera izango dute Lukuarrietatik hasita.

Domeka eguerdian umeentzako antolatuko duten ipuin kontalari saioarekin amaituko dute aurtengo mendi astea.

Urtarrilaren 26ko eta 27ko hitzaldietara, Gallandako irteerara nahiz umeentzako ipuin kontalari saiora joateko asmoa dutenei aurrez izena emateko eskatu diete, ekintzak ondo antolatzeko eta gaur egun indarrean dauden osasun arauak betetzeko lanak errazteko. Formularioa www.zaldai.eus webgunean aurkitu daiteke.

 

URTARRILAREN 26AN, 19:00ETAN

  • Hitzaldia: 'Aizkorriko kanalak'. Xabi Mujika 'Smity'. Goiuria kultur gunean.

URTARRILAREN 27AN, 19:00ETAN

  • Dokumentala eta hitzaldia. 'Pamir, distantziak'. Joseba Iztueta Dorronsoro. Goiuria kultur gunean.

URTARRILAREN 28AN, 19:00ETAN

  • Sari banaketa: Zaldai Mendi Erronka 2021. Askondoko aterpean.

URTARRILAREN 29AN

  • Iurretako IV. mendi bizikleta martxa. 10:00etan, Askondoko aterpetik hasita.
  • Gallandara irteera frontalarekin. 18:00etan, Askondoko aterpetik hasita.

URTARRILAREN 30EAN, 12:00ETAN

  • Umeentzako ipuin kontalari saioa Amaia Egidazurekin (Etxepare Saria 2021). Askondoko aterpean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!