Iurretako Udalak COVID ziurtagiria eskatu ez dezan baturiko 125 sinadura aurkeztu dituzte udaletxean

Anboto 2022ko urt. 13a, 10:35

COVID ziurtagiria "erabat diskriminatzailea" dela nabarmendu dute sinatzaileek, "oinarrizko eskubideen aurkakoa".

Zenbait herritarren ekimenez, Iurretan sinadura bilketa egin dute Udalak COVID ziurtagaria eskatzeari utz diezaion eskatzeko. Bestalde, udalak Eusko Jaurlaritzari "neurri horren erabateko desegokitasuna" adieraztea eskatu dute. Eskariok jasotzen dituen idatzia etabaturiko 125 iurretarren sinadurak udaletxean aurkeztu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren aginduz zenbait leku eta ekitalditan udala COVID ziurtagiria eskatzen hasita dagoela kritikatzen duen idatzia sinatu duten iurretarrek, euren "haserrea" eta "egonezina" helarazi gura dizkiete udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Era berean, neurri bi proposatu dizkiote udalari "espazio publiko itxien segurtasuna bermatzeko": "CO2 neurgailuak ipini daitezke eta aireztapen sistema egokia izan dezaten inbertitu", idatzian argitu dutenez. "Osasun neurriak hartu behar ditugu pandemiari aurre egiteko, eta, horretarako, ezinbestekoa da osasun zerbitzuak indartzea: lehen mailako arreta, aztarnariak..." gaineratu dute.

"Diskriminatzailea"

COVID ziurtagiria "guztiz diskriminatzailea" dela nabarmendu dute sinatzaileek idatzian, "oinarrizko eskubideen aurkakoa". Gaineratu dutenez, "zientzialarien esanetan ez ditu ez kutsatzeak murriztuko ezta pandemia geldiaraziko ere". Harturiko neurri horrek udal langileak eta herriko ostalariak "polizia lanetan" ipintzen dituela salatu dute, "inongo berme legalik barik". Herritarren artean "banaketa" eta "haustura" eragiten dituela ere azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!