[BIDEOA] Gaztelumendi anaiek 'Bidea da borroka' komikia aurkeztuko dute Iurretako Abadetxean

Ekaitz Herrera 2022ko urt. 11a, 10:04

Unai Gaztelumendi ilustratzaileak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak zuzeneko aurkezpena egingo dute eguenean, bertsoekin eta bat-bateko ilustrazioekin. Ekitaldia 19:00ean hasiko da. 

Donostiako Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendi anaiek Bidea da borroka komikia aurkeztuko dute eguen honetan, Iurretako Abadetxean. Komikia Bertsolari aldizkariaren enkarguz egin dute, eta bertan jaso dituzte Martin Artola izeneko bertsolariaren gorabeherak eta burutazioak. Pertsonaiak autoa hartzen duenetik Barakaldon jokatzekoa duen Euskal Herriko Txapelketa Nagusira arteko bidea jaso dute komikian. Beñat Gaztelumendi arduratu da gidoiaz eta Unai Gaztelumendi irudiez.

Abadetxean egingo duten aurkezpenean, anaia biek zuzeneko bertsoak eta bat-bateko ilustrazioak eskainiko dituzte. Bertsolari aldizkariko iturriek adierazi dute, gutxi gorabehera, ordubete inguruko saioa izango dela. Emanaldia eguenean izango da, arratsaldeko 19:00ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!