Iurretan 'Colacauen bueltie' egingo dute urteari agur esateko

Anboto 2021ko abe. 29a, 12:52

Halantxik dela ematen du, baina, ez. Ez da inuzentekeria bat. Iurretako Abadetxeak izen bitxiko egitasmoa antolatu du urtea amaitzeko. San Silbestre lasterketa? Ez, ez... Colacauen Bueltie!

Izen bitxiko egitasmoa da bai, baina baditu funtsa eta arrazoia. Abadetxeko kideek azaldu dutenez, duela hamarkada batzuk, Cola Cao elikagai markak ibilaldi batzuk sustatu zituen estatu osoan zehar, eta euretako bat Iurretan dago. Udalerriko hainbat puntutuan oraindik ere ikusgai daude garai bateko panel zaharrak, herritarrak gimnasia ariketak egitera animatzen dutenak. "Aspaldiko ibilbide mitiko bat da; askok txikitako akordu lez daukate, eta asko izan dira baita ere pandemia garaian berau egitera bueltatu direnak", adierazi dute Abadetxeko kideek. Hori dela eta garai bateko ibilbidea errekreatuko dute abenduaren 31n, San Silbestre egunez. "Edozeinek egiteko moduko" ibilaldi hura berreskuratuko dute. Plazan hasi, Iturburutik igo, Garaizarko zubia pasa eta Amatzatik behera egingo dute, azkenik, plazan amaitzeko.

Abadetxeko kideen berbetan, "giro herrikoia sustatzea da egitasmoaren helburua, eta familiek ere parte hartu ahalko dute". Horrez gainera, gura duenak zabalik du korrikaldira zein ibilaldira mozorrotuta joateko aukera. Bestalde, Laixiar Irrati libreko kideak ekitaldia girotzen arituko dira.

Honako hau izango da abenduaren 31ko egitaraua:

  • 11:30 inskripzioa (2 euro. Abadetxearen alde)
  • 12:00 Lasterketa / Ibilaldi familiarra
  • 12:30 Lasterketa orokorra

Cola Cao bueltaren garai bateko panelak, Iurretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!