Arriandiko espaloia eta oinezkoentzako pasarela eraikitzeko 360.000 euro erabiliko dituzte Iurretan

Anboto 2021ko abe. 2a, 11:30

2022rako 6,64 milioi euroko aurrekontua onartu du udalbatzak , gaur Iurretan. Inbertsioen atalak diru horren  %17 hartuko du: 1,137 milioi. Aurten baino ia 800.000 euro gehiago izango dituzte inbertsioetarako. Bestalde, kultur arlora bideratutako diru poltsa %13 igongo da. Kulturagaz lotutako ekimen eta ekitaldiak antolatzeko 520.000 euro inguru gorde dituzte datorren urterako. EAJk PSE-EE ren babesa izan du. EH Bildu abstenitu egin da.

Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan "anbizio handiko" aurrekontua aurkeztu dute. "Azken urte biotan ez dugu aurrekontu garrantzitsu bat lantzeko aukerarik izan. Urte bi eskasak izan ditugu orain bultzada hori emateko momentua heldu da,  egoerak uzten badigu". Sozialisten berbetan, "ia urte bi geldi egon ondoren, momentua da ez dakit ausartak izateko, baina bai aurrera egiteko. Ez dakit aurrekontu osoa garatzeko aukerarik izango dugun COVID 19aren eraginez. Baina zenbait inbertsio egiteko ordua da. EH Bilduk arrazoitu duenez, "epe ertainera begirako ikuspuntua bota dugu falta. Hemendik laupabost urtera nora heldu gura dugun zehaztuko lukeen plangintza baten falta".

Inbertsioen atalean bi proiektu nagusi jaso dituzte: batetik, Arriandi eta Fausten mugikortasunaren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanen barruan, Arriandin espaloia eta oinezkoentzako pasarela eraikiko dira. Proiektu horrek 360.000 euroko aurrekontua izango luke. Bestetik, Maiztegi Herri eskolan estalki bat eta panel fotovoltaikoak jartzea aurreikusi dira, 200.000 euroko aurrekontuagaz. Bidebarrietako kalea konpontzeko (60.000 euro) eta hiri antolamenduko plan orokorragaz jarraitzeko (80.000 euro) diru-atalak ere lotu dituzte. Kultura arloan egin gura izan da apostua, Totorikaguenak nabarmendu duenez. "Bizitza kultural eta soziala berreskuratzeko ahalegina egin gura dugu". Horretarako, Musika edo antzerkia eskaintzeko programak indartu gura dituzte, eta memoria historikoa berreskuratzeko eta kultur sorkuntzarako bekak sortuko dira –bakoitzak 6.000 euroko diru poltsa izango du–, besteak beste. Guztira 520.000 euro inguru bideratuko dira horretara.

EH BIlduk "zalantzak" agertu ditu

EH Bilduri "zalantzak" sortu dizkio Maiztegi eskolan egingo diren lanak zehazturik ez egotea. Era berean, Faustetik Arriandirako tartean aurreikusitako lanak "partxe" bat direla uste du eta herrirako irtenbide integral bat behar dela nabarmendu dute. Argitu dute bestalde, 2020an egin gabe geratu ziren hainbat proiektu jaso direla 2022ko udal aurrekontuan: Bidebarrieta kaleko lanak edota kultura arloan garatuko diren hainbat ekintzak. Besteak beste, memoria historikoa berreskuratzeko eta kultur sorkuntzarako bekak aipatu dituzte. EH Bilduk EAJri eskua luzatu dio lankidetzan jarduteko: "elkarlanerako aukera askorik ez dugu izan, eta berriz ere eskua luzatu gura dugu lankidetzan jarduteko".

Totorikaguena alkateak erantzun duenez, "badugu plangintza bat, 14 urte daramatzagu hori aurrera eramaten eta eza zaigu txarto joan". Gaineratu du, Maiztegin egin gura diren lanetarako zeintzuk aukera dauden aztertzen ari direla, eta mugikortasunean segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko urte asko daramatela lanean. "Duela urte bi herrigunerako landutako proiektuak onura asko ekarri ditu. Errepide nagusia Aldundiaren da eta Fauste eta Arriandi arteko lan hauekin lortu gura dugu errepide ez dadila guretzako oztopo bat izan". Gaineratu du lankidetzarako eta proiektu eta ideia berriak garatzeko "beti" daudela prest, eta aurrerantzean ere berdin jarraituko dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!