AZAROAK 25

“Emakumeok sare sozialak gehiago erabiltzen ditugu gure emozioak kudeatzeko; gizonek erabilera instrumentalagoa egiten dute”

Jone Guenetxea 2021ko aza. 22a, 09:45

Deustuko Unibertsitateko Estibaliz Linares irakasleak mundu digitalean emakumeen eta gizonen artean dagoen arrakala aztertu du. Iurretako Udalaren youtube kanalaren bitartez, 'Ziberindarkeria matxistak eta honen aurkako erresistentziak eta estrategia ziberfeministak' berbaldia emango du. Azaroaren 30ean izango da, 18:30etik 20:00etara (abenduaren 12ra arte ikusi ahalko da). Ibarretxe kultur etxean egingo den berbaldi presentziala familiei, hezitzaileei, gazteei eta publiko orokorrari zuzenduta egongo da.

Emakumeok zein espazio betetzen dugu mundu digitalean?
Lehenengo genero arrakala gaindituta dugu. Denok dugu sarbidea mundu digitalean, emakumeok eta gizonek. Baina ezberdina da zelan sartzen garen hainbat espaziotan. Gainera, emakumeok edukiak egiten ditugu, baita transformazioak ere. Gauzak aldatzen gabiltza Interneten. Egoera oso anitza da. Gamerrak ikusterakoan, edo ligatzeko aplikazioetan, ez gara berdin sartzen. Hala ere, espazio digitalean badaude espazio matxistak eta ez seguruak.

Badago bigarren genero arrakalarik?
Teknologien enpresetan, eta teknologia ikasten dutenak gizonak dira batez ere, eta hor arrakala handi bat dugu. Garrantzitsua da  arlo digitalean zein motatako desberdintasunak dauden aztertzea, landu egin behar ditugun gauzak dira eta.

Desberdintasun hau zelan islatzen da mundu digitalean?
Emakumeok sare sozialak gehiago erabiltzen ditugu gure emozioak edo erlazioak kudeatzeko. Gizonek askoz ere erabilera instrumentalagoa egiten dute. Hala ere, ikusten ari gara geroago eta mutil gehiago daudela TikToken eta horrelako espazioetan. Dantzatu egiten dira eta euren emozioak kontatzen dituzte. Baina, orokorrean, nerabeekin lan egin dudanean ikusi dut modu eta helburu desberdinekin erabiltzen dituztela.

Bideo-jokoen kasuan, mutilek gehiago erabiltzen dituzte?
Bideo-jokoetan zentratzen bagara, mutilek gehiago erabiltzen dituzte neskek baino. Gainera, mutilak bideo-jokoen inguruan erlazionatzen dira. Bertan kudeatzen dituzte erlazioak, eta baita bizitza ere. Topaketak egiten dituzte bideo-jokoekin lotuta.

Espazio horretan, zein motatako edukiak ikusten dituzte?
Youtuberren kasuan, neskek modagaz eta edertasunagaz loturiko edukiak ikusten dituzte. Mutilek, ostera, bideo-jokoekin loturiko youtuberrak.

Bideo-jokoen inguruan ekosistema oso bat dago: youtube, twich...?
Lehen, bideo-jokoetan jolasten zinen eta kito. Orain dena interkonektatuta dago: bideo-jokoak, gamerrak, youtube, twich...

Bideo-jokorik masiboenei edo erabilienei dagokienez, gurasook askotan arduratuta egoten gara ea zein eredu transmititzen dituzten. Mutilen estereotipoetara bideratuta daude?
Bideo-jokorik salduenek askotan eduki biolentoak dituzte, eta oso matxista eta sexistak dira. Bultzatzen den eredua ez da komenigarriena. Hala ere, gure sasoian ere ikustekoa zen zein motatako pelikulak ikusten genituen. Orain ez dut uste gauzak okerrago daudenik. Egia da hausnarketa egin behar dugula seme-alabei erosten dizkiegun eduki moten inguruan. GTAn jokatzen baduzu... norbaitek erosi egin dizu. Guk ere pentsatu behar dugu mota horretako edukiak erosi gura baditugu zergaitik erosten ditugun, eta hori azaldu. 

Beraz, mutilak gamerretara enfokatzen dira eta neskek ez dute euren burua hor islatuta ikusten. Neskak gehiago daude moda edo edertasuna lantzen. Horregaz, neska gazteei zein emakume eredu azaltzen zaie?
Sareetan, emakumearen irudia hipersexualizatuta ikusten da. Ikustekoa da emakumeen gorputza zelakoa den bideo-jokoetan. Horrek min handia eragiten du.

Ziberjazarpenaren inguruan berba egingo duzu Iurretan.
Bai, emakumeok espazio digitalean zein motatako indarkeria jasaten ari garen landuko dugu batez ere. Baina aukerei buruz ere berba egingo dut. Egia da indarkeria hor dagoela, eta batez ere garrantzitsua da izenak ipintzea. Baina aukerei buruz ere berba egin behar da; youtuberrek hainbat alternatiba ekarri dute, adibidez transexualitateari buruz. Lehen ez zegoen espaziorik hainbat gairi buruz berba egiteko. Interneten gertatzen ari denaz hezkuntza mailan ezin dugu distantzia hartu eta beste aldera begiratu. Eurekin berba egin behar da, eta, batez ere, alternatibak eman.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!