“Tomatea eta barazkiak ekoizteko, ilargiaren aldiak kontuan hartzen ditut”

Aitziber Basauri 2021ko aza. 7a, 10:30

Urteetan, Sonia Isasiren familiak mahatsondoak eta upategia izan ditu Iurretako Fauste auzoko Trazola baserrian, orain zazpi urte sagardoa eta txakolina ekoizteari uztea erabaki zuten arte. Isasik azaldu duenez, lan eta ordu asko eskatzen zituen. Gainera, osasuna kaltetu dezaketen produktuak erabiltzeari uzteko beharra sentitu zuten. Zeukaten stocka saldu, eta iaz tomatea eta barazkiak modu biodinamikoan ekoizten hasi zen Isasi.

Zelan joan da aurten tomateen uzta?
Oso ondo. Gatxa izan da, ez duelako apenas euririk egin eta hezetasun handia egon delako. Baina asko zaindu ditut, gainean egon naiz. Zenbait eremutan banatuta, 1.000 bat landara sartu nituen eta 700 inguruk irten dute.

Gure klimak ez ei du tomatea hazten laguntzen. Hala da?
Baliteke, baina garrantzitsua da zelan eta zeren alboan landatzen den. Letxugaren eta kipularen ondoan landatu behar dela diote. Zurkaitza zelan egin ere jakin behar da. Tomateak inaustea behar du, baina neurrian. Garbitu  eta aireztatu egin behar da, gainean egon.

Modu biodinamikoan hazten dituzu tomateak. Zelan da hori?
Ilargiaren aldiak kontuan hartzen ditut, eta etxeko abereen ongarria erabiltzen dut, ongarri likidoa. Oinarria kate bat da: landan dauden zaldien eta oiloen ongarriekin zaintzen dut ortua, herbizidak saihestuz; eta, sasia kentzeko, ahuntzak ere baditugu. Bestalde, nik neuk ereindako landareetatik lorturiko haziak erabiltzen ditut. Neurri handi batean, horretara behartzen zaitu nekazaritza biodinamikoak.

Ongarri likidoa erabiltzen duzula diozu.
Zimaur-tea egiten dut, ongarri solidoa likido bihurtuta. Horrez gainera, asunekin, txikoria-belarragaz eta azeri-buztanagaz egindako infusioak erabiltzen ditut landare-osasunerako produktu modura: euri-uragaz egindako infusioak. Baina belar horiek sasoi eta eguneko ordu zehatz batean hartzen ditut; ongarri lez ere oso onak dira gainera. Hasiberria naiz honetan, baina modu biodinamikoan ekoiztea dut helburu.

Zelan murgildu zinen mundu honetan?
Iaz hasi nintzen, pandemian sartuta, modu biodinamikoan landaturiko plantazioen bideoak ikusita Interneten. Izugarri gustatzen zait tomatea, denak. Tomatezale amorratua naiz eta tomate hazien bildumagile bihurtu gura dut. Amak Kanaria uharteetatik ekarritako Amarillo Canario tomateagaz hasi nintzen. Aldiro joaten da hara. Orain, 26 tomate mota ditut; Euskal Herrikoak eta  Argentinatik, Italiatik, Kolonbiatik eta Poloniatik ekarritakoak, adibidez.

Tomatea ez ezik barazkiak ere landatzen dituzu era biodinamikoan, etxeko ongarriak erabilita.
Bai. Hasi nintzenean esan zidaten ez nuela ezer aterako. Eta inoizko uztarik onena izan nuen. Gainera, ez daukat negutegirik, kanpoan hazitakoak dira tomate eta barazkiak (aza, zerba, baba, letxuga, lekak, iderrak...). Haziak ere horrela lortzen ditut. Landare-zorriarentzat eta euli zuriarentzat loreak ipintzen ditut ortuaren aldamenetan; polinizatzeko ere oso onak dira. Eta intsektuentzat hotelak ere egiten ditut.

Onura asko ditu tomateak?
Antioxidatzailea da eta kolesterolerako oso ona. Eta estetika munduan ere oso ezaguna da tomatea. Oso ona da ilerako eta azalerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!