Arrosa irrati sarearen topaketak antolatuko dituzte Iurretako gaztetxean, zapatuan

Aitziber Basauri 2021ko aza. 4a, 12:03

20 urte joan dira Nafarroa Behereko Arrosa herrian, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren babesean eta Joxemi Zumalabe fundazioaren bultzadari eskerrak, Arrosa euskal irratien sarea jaio zenetik.

Urteurrenaren harira, topaketa egingo dute zapatuan Iurretan, Laixiar irratiaren etxean. Abadetxean, hiru tailer antolatuko dituzte 10:00etarako. Amelia Barquinek eta Zebrabidearen gidariak hizkera sexista eta arrazistaren inguruan hausnartu eta ikasgaiak ateratzen lagunduko dute. Arraio irratiko kideek tailer bi eskainiko dituzte; alde batetik, irrati bat software libreaz zelan martxan ipini, eta, bestetik, FMko emisio bat zelan egin. Goiuria kultur etxean, podcasten inguruko mahai-ingurua egingo dute, 12:00etan. Argia aldizkariko Beranduegi podcasteko eta Klak gazteon ahotsa podcasteko kideekin batera, Ondarroako Radixu eta Gasteizko Hala Bedi irratiko kideek parte hartuko dute. 14:00 aldera, bazkaria izango da eta bazkalostean Arrosa sareko irratien arteko irrati nobela bat egingo dute. 18:00etan, Arrosa sarearen 20 urteei buruzko dokumentala estreinatuko dute. Haatik eta Baske Street Boys taldeen kontzertuekin amaituko dute eguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!