Bizimodu osantsua sustatzeko crossfit familiarra antolatu dute asteburuan

Anboto 2021ko aza. 3a, 14:28

Duela urte bi egindako lasterketa familiarraren irudi bat.

'Azaroa, osasunaren hilabetea' lelopean bizimodu osasuntsua sustatzeko ekitaldi sorta antolatu dituzte datozen asteotarako. Iurretako Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun Sailak ohitura osasuntsuak izateak duen garrantziaz ohartarazi gura dute. Azaroaren 20an, VI. Lasterketa Familiarra egingo dute.

Barikuan, azaroaren 5ean, crosffit familiarra izango da Iurretan, ume eta helduei zuzenduta. Bizimodu osasuntsua sustatu guran azarorako antolatu dute ekitaldi sortaren lehenengoa izango da hori. Askondon izango da, 17:00etan hasita.

Datorren asteburuan jarraituko du egitarauak. Alkarregaz ibiltzen ekintza antolatu dute azaroaren 14an, 11:00etan. Askondoko karpatik irtenda herrigunean zehar ibilbidea egingo dute bertaratzen diren herritarrek, "naturarekin harremanean egoteko ibilaldi paregabea" egiteko aukera eskaini gura dute antolatzaileek. Bestalde, azaroaren 15ean, Iraia Garciak berbaldia eskainiko du Ibarretxe kultur etxean, 18:30ean.

VI. Lasterketa Familiarra
Azkenik, azaroaren 20an, VI. Lasterketa Familiarra egingo dute. Askondotik irtengo dira korrikalariak 11:00etan. Lasterketak bukatu ondoren, herri kirolak egiteko aukera ere egongo da HEKI HERRI KIROLAK elkartearen eskutik. “La Otra Mirada elkarteak” antolatutako errifa solidarioa eta pintxo osasuntsua ere egongo dira.

Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, "egunerokotasunean, bizimodu osasungarri bat izateko, gorputza mugiarazten duen edozein jarduera egitea oso garrantzitsua da; jolasterakoan, etxeko lanetan, kirol jardueretan,… aktibo izateak hobeto egoteko laguntzen gaitulako". Gaineratu dutenez, "osasuntsu elikatuz gero, energia gehiago izango dugu gure eguneroko jarduerak egiteko, lanari eta ikasketei etekin hobeagoak ateraz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!