'Iurreta Ezagutu' unitate didaktikoa sortu dute Iurretan

Anboto 2021ko urr. 18a, 11:36

Iurretako Bibliotekak eta Maiztegi eskolak 2009. urtean sortutako 'Iurreta Ezagutu' proiektuari bultzada emateko jaio da unitate didaktiko berria. 32 orrialdeko luburuxka LH3ko ikasleen artean banatuko da.

Iurretako desanexioaren 30. urteurrena aprobetxatuz ekin zioten 'Iurreta Ezagutu' unitate didaktikoa sortzeko proiektuari. Diseinuaz eta eta maketazioaz Sörland komunikazio agentzia arduratu da eta asmoa da LH3ko ikasle bakoitzari horrelako liburuxka bat ematea, behin eskolan landutakoan materiala etxera eraman eta familiarekin partekatu dezan. Paperezkoaren osagarri moduan euskarri digitalean fitxak sortu dira.

Bultzatzaileek azaldu dutenez, "ditugun baliabideak txertatuz gure herria ezagutzea da helburua, proiektuaren hasierako filosofiari balio erantsia emanez". Aurten LH3 eta LH4ko ikasleek parte hartuko dute. LH5 eta LH6ko ikasleei ere banatuko zaie materiala.

2009-2010 ikasturtean Herri Bibliotekak eta Maiztegi eskolak elkarlanean sortu zuten 'Iurreta Ezagutu'. Azaldu dutenez, "herriko ume askok ez zutela beraien historia ezagutzen eta hau nola gauzatu daitekeen pentsatuz". Elkarlan horren emaitza da Maiztegi eskolako LH3ko ikasleentzat antolatzen diren bisita gidatuak. Herri Bibliotekak eskaintzen dituen bisita hauen helburua gelan landutakoa osatzea da. Oinarri bezala herriko ataleko funts bibliografikoak dira, Jon Irazabal Agirren testuak eta Jose Mari Uriarte Astarloaren irudiak aintzat hartuta. Urte luzez bisita hauen dinamizatzailea Ainhoa Elorriaga da. Urte batzuk geroago CD-Rom bat argitaratu zuten.

Oraingoan pauso bat haratago joan nahi izan dute eta ekimenari osotasun bat
eman. Bada desanexioaren urteurrena gertu zegoela-eta, 2019an unitatearen
hastapenetan hasi ziren. Proiektua elikatzeko Eñaut Aiartzaguena herriko
artista grafikoaren laguntza izan dugu, berak sortu ditu unitatearen irudi eta testuak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!