“Goiuria ikastolaren proiektuak bazuen lotura herri identitateagaz”

Aitziber Basauri 2021ko urr. 18a, 13:40
Justo Alberdi eta Markel Onaindia

Justo Alberdik, Markel Onaindiak, Kristina Mardarasek eta Jon Irazabalek osatzen dute Goiuria ikastolaren bidea jasotzeko ikerketaren lantaldea. Goiuria ikastola 1968an sortu zen eta 1972an legeztatu zuten.

Zein momentutan dago ikerketa?
Markel Onaindia: Otsailean hasi ginen lanean, eta jada 40 bat lagun elkarrizketatu ditugu; 50 bat elkarrizketa egingo ditugu. Artxibaturiko ikastolako agiri asko galdu edo suntsitu egin ziren, sute batean eta 1983an izandako uholdeetan. Norbanakoek euren kabuz gorderiko agiri batzuk badauden arren, ikastolako artxiborik ez dago. Horregaitik, etxean egon daitezkeen garai bateko argazki eta agiriak lortzeko dei zabala egin dugu.

Hori dela-eta ikasle eta irakasle izan zirenengana jo duzue.
Justo Alberdi: Bai. Eta, adibidez, udalekuetan laguntzaile izan zirenengana. Aipatzekoa da ikastolako gurasoek herri mugimenduko gazte militanteei proiektuan parte hartzeko aukera eman zietela. 1972an, ikastola legeztatzean, banaka bat kooperatibista ere egin ginen. Herri mugimendu garrantzitsua zegoen orduan.

Giro horren bueltan sortu zen ikastola.
J.A.: Bai. 1966an Durangon sortu zuten, eta gero etorri ziren Iurreta, Otxandio, Berriz, Abadiño, Elorrio eta Zaldibarkoak, 1968. urte bueltan. Iurreta Durangoren menpe zegoen, auzo izaera zuen bakarra zen.
M.O.: Zati batean, Goiuria ikastolaren proiektuak bazuen lotura herri identitateagaz. Iurreta ez zen herria, eta ikastola bat sortzea bazen pauso bat ematea: herri proiektu bat zen.
J. A.: Eskolaurre moduan sortu ziren ikastola guztiak. Bada, ikusten zen hiru urtera Lehen Hezkuntza eskaini beharko zela. Elorrio eta Otxandio euren kabuz moldatu ziren, distantziagaitik. Besteontzat  umeak sei urtegaz Durangora joateko bidea zabaldu zen, Gerediaga elkartearen bitartez sorturiko Kirikiño Batzordean.

Zein paper jokatu zuen horrek?
J.A.: Herrietako Gerediagako bokalek eta ikastoletako ordezlariek osatzen zuten batzordearen barruan, Durangoko ikastolan LH eskaintzea lortu zen. 1970-1971 kurtsoan joan ziren Iurretako lehenengo bost umeak. Artean, eskolaurreak legeztatu barik zeuden. Goiuria ikastola hiru bider itxi zuten, inspektorearen aginduz. Lehenengoz, 1969ko apirilaren 28an. Agiri hori ikastolako lehenengo andereñoari eskerrak lortu genuen.
M.O.: Diktaduraren egoera berezi hartan, hainbat aterpe izan zituen: gurasoen etxeak, sakristia...

Geroago, Maiztegi eskolagaz batu eta Jaurlaritzagaz akordioa lotu zen.
J.A.: Durangoko Ikastolaren proiektua indartzea lortu zen. Hala ere, Iurretan desanexioaren alde herrigintzan jarraitzen genuen, eta bakarrik ikastola bat ezin zela sortu ikusita, Maiztegigaz batzeko aukerari heldu zitzaion. Jaurlaritzagaz hitzarmena lotu zen. Herrigintzatik ikastola proiektatu gura genuen Iurretan, eta, bide batez, eskola publikoa euskaldundu. Hamar urterako, gurasoek osaturiko Jarraipen Batzorde bat sortzea lortu zen, eta urtero-urtero maila bat euskarara berreskuratzea. 1979-1980 izan zen ikastolaren azken ikasturtea.

Zein da proiektuaren helburua?
M.O.: Orduko historia jasotzea eta transmititzea, eta orduan egindako lan handi hori eskertu eta aitortzea. Ikerketaren emaitza maiatz inguruan kaleratuko diren liburuan eta bideoan batuko da. Egoera gatx hartan egindako lanagaitik euskarak pauso gehiago eman ahal izan ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!