Eguzkitik autokontsumorako energia aprobetxatzeko sistemak jartzen dituzten eraikinei %50eko hobaria emango zaie OHZn, instalazioa amaitu ondorengo hiru urteetan. Halaxe erabaki du udalbatzarrak. Era berean, instalazio eta obren gaineko zergan %75eko hobaria ezartzea erabaki dute, sistema horietara zuzendutako kopuruen gainean, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera inbertsioa derrigorrezkoa ez bada. “Legez behartuta egon gabe ere, energia-eraginkortasuneko sistema horiek jartzeko pausoa eman nahi duten higiezinei tratamendu berezia eman behar zaie”, argitu du Iñaki Totorikaguena alkateak.
EH Bilduk energia berriztagarriak sustatzeko "ausardia" eskatu du
Gobernu Taldearen botoekin egin dute aurrera aldaketa bi hauek. EH Bilduren ustez, hobari "txiki" hauek ez dira nahikoa eta "ez dute zentzurik" beste estrategia batzuekin batera ez badatoz. "Larrialdi klimatiko bizi dugu, egoera dena da, eta udalak ausartago jokatu beharko luke", argitu du Eunate Zarrabeitia zinegotziak. "Energia berriztagarrieta saltoa egitea ezinbestekoa da eta udalak eredu izan beharko luke gai honetan, udal eraikinen teilatuakeguzki plakekin bete eta energia komunitateak bultzatuz, adibidez. Gu prest gaude bide horretan lan egiteko".
Totorikaguenak aldaketak "pausoz pauso" eman behar direla esan du. "Hobari hauek aldaketarako pauso bat dira". Zerga eta tasak izozteko erabakiaren haritik adierazi du, 2022an gastu arrunten eta diru-sarrera arrunten arteko orekari eutsi diezaiokela udalak, "zergak eguneratu beharrik gabe”