Iurretan ikasgela bat izango dute datorren urte hasieran

Anboto 2021ko urr. 6a, 12:06

Iurretako Udalak garai bateko IMI izeneko lokala ikasteko gune bat bihurtzeko lanak lizitatu ditu 43.768 eurotan. Aurreikusi dute 2022ko urte hasieran zabaltzea.

Ikasgela berriak bost ikas-mahai izango ditu, bozpasei lagunentzat, eta ikasgune bakoitzak hargune elektrikoa izango du. Udal arduradunek zehaztu dute espazio osoak wifirako sarbidea izango duela. Baldintza normaletan, edukiera-mugarik gabe, 25 edo 30 pertsonako okupazioa izan dezake espazio berriak. Ikasgela 09:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, etenik gabe. Zapatu, domeka eta jaiegunetan, aldiz, 10:00etatik 20:00etara. Gaineratu dute 16 urtetik gorako ikasleentzat izango dela.

Lokalak 90 metro koadro inguruko azalera erabilgarria izango du, eta horietatik 65 metro koadro ikasgela-eremurako erabiliko dira. "Gainerakoa sarrera txiki batean, komun batean eta barruko patio batean banatuko da", argitu dutenez. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "alde batetik, liburutegia arindu beharra ikusten genuen, eta, bestetik, liburutegiko ikasgelaren erabiltzaileek planteatzen zituzten beharrei erantzun beharra: ordutegi zabalagoa eta malguagoa, liburutegiaren ordutegiari lotuta ez dagoena eta egunero erabili ahal izango dena, baita asteburuetan". 

Sarrera-txartela

Erabiltzaile bakoitzak sarrera-txartel bat izango du Totorikaguenak azaldu duenez, aurretik udaletxean eskatu beharko dena. "Txartel hori pertsonala eta besterenezina izango da, sarbideak elektronikoak
izango dira eta baimenak kultur etxetik kudeatuko ziren”, esan du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!