Iurretan tokiko komertzioa eta ostalaritza establezimienduak sustatzeko kanpaina berria abiatu dute

Anboto 2021ko urr. 4a, 13:25

Erosi Iurretan eta zaindu herriko altxorra lelopean tokiko komertzioetan erosteko kanpaina berria jarri du martxan Iurretako Udalak, Dendak Bai Durangaldeko merkataritza eta ostalaritza elkartearekin elkarlanean. Urriaren 31ra arte iraungo du kanpainak eta deskontu baleetan 1.500 euro zotz egingo dira. 

Kanpainagaz bat egin duten herriko dendetan egindako erosketa bakoitzeko edo tabernetan egindako kontsumizio bakoitzeko zigiluak lortuko dituzte bezeroek, eta 100 euroko 15 deskontu baleren zozketan parte hartzeko auketa izango dute. Kanpainak herriko dendetan erosketak egitea eta tokiko ostalaritza establezimenduetan kontsumitzea indartu eta bultzatzea du helburu udal arduradunek azaldu dutenez.

Zigiluak jartzeko 3.000 txartel ipiniko ditu eskura udalak Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ). Bi ataletan banatuko dira txartelak, merkataritza eta ostalaritza, argitu dutenez. Zigiluak desberdinak izango dira, sektorearen araberako irudia izango dute eta kolore desberdinak. Behin txartela beteta HAZan egongo den postontzian sartu beharko da. Azaroaren 4an egingo da zozketa.

Momentuz, 10 merkataritza saltoki eta 4 ostalaritza establezimendu daude kanpainara atxikita, eta bertan eskaturatu daitezke zigiluak. Hala ere, beste establezimendu edo komertzioren batek kanpainagaz bat egin gura badu honako telefono zenbakietara deitu dezake: 94 681 81 42 eta  688 738 102.

Guztiek izango dute kanpainaren kartela bereizgarri bezala. Apuntatutakoen zerrenda eguneratua egongo da Iurretako Udalaren eta Dendak Bai elkartearen web orrialdeetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!