"Hor hasten da nahaspila, bere kontzeptu teorikoak eta errealitatea ez doazelako batera. Edertasunaren kanonak feminismotik defendatzeko gai da Miren Argi; inoiz deseraiki ez den emakume bat da bera", azaldu du Aroa Blanco aktore durangarrak. Bera sartzen da modeloaren azalean. "Oso prozesu polita izan da pertsonaia aurkitzea, oso ondo pasatu dugu", gaineratu du. Aitor Arabiourrutiak egin ditu zuzendari lanak.
Abiapuntu horregaz, Las Paralelas antzerki konpainiak umore azidoz beteriko 50 minutuko antzezlana aurkeztu du. "Feminismoa ikur hartuta, hainbat gai azaltzen ari dira jendaurrean. Guk horiek umoretik lantzen ditugu", adierazi du Arabiourrutiak. "Ideia orain hiru bat urte izan nuen, baina pandemiaren kontuagaz berreskuratzea erabaki nuen", gogoratu du Blancok. Gero, zuzeneko aurkezpenak etorri dira, "espero baino gehiago", gehitu dute biek ala biek. "Oso pozik gaude eukitako harreragaz", esan dute. Besteak beste, Abadiñon ere egon dira Miss Spein aurkezten. "Taularen gainean, pertsonaiak pertsona askoren isla dira, eta horrek askatasun bat ematen dizu", azaldu du Aroa Blancok. Arabiourrutia zuzendariak publikoaren parte-hartzea ere nabarmendu du: "Miren Argik publikoari zuzenean berba egiten dio, interakzio hori behar-beharrezkoa du, eta jendeak ondo erantzun du orokorrean. Pentsatzea eragiten duen antzezlana dela esan digute, eta hori oso polita dela iruditzen zaigu".
Irakaspena
Prozesuari dagokionez, Blanco eta Arabiourrutia pozik daude. Sorkuntza prozesuan gozatzeaz gainera, Las Paralelas konpainiako kideek bestelako irakaspenak ere eduki dituzte. "Prozesu aberatsa izan da guretzat. Pieza bat sortzen ikasi dugu, baita mugitzen ere. Ez da erraza, atzetik inoren babesa eduki barik piezak mugitzea, baina hori ere ikasi behar izan dugu", dio Arabiourrutiak. Iurretakoaz gainera, beste bost emanaldi dituzte lotuta, eta pozik daude orain arte edukitako harreragaz. "Ez genekien zelan funtzionatuko zuen, konpainia gaztea garelako", gaineratu du. Hala ere, zailtasunak ere eduki dituzte prozesuan. "Geuk egin dugu dena, askotan gure beste lanpostuetan zortzi ordu igaro eta gero", azaldu du Arabiourrutiak. "Pandemiak asko zaildu du guztia, baina ahal izan dugun moduan konpondu gara, Internet bidezko batzarrak eginda eta abar. Esango nuke entseatzeko lekua topatzea izan dela zailtasunik handiena. Hainbat gunetan tokia egin digute, industria-nabe okupatu batean edo San Agustin kulturgunean, besteak beste", azldu du zuzendariak.
Euskarazko entseguak
Las Paralelas antzerki konpainiaren hurrengo erronka Miss Spein euskaratzea izaten ari da. Blancoren esanetan, testua prest dute, eta urrian entseguekin hastea aurreikusten dute. "Pieza bera hizkuntza bitan edukitzea ondo dator beti. Obra bera oso moldagarria da, eta euskaraz eta gaztelaniaz egiterakoan, are moldagarriagoa izango da", azaldu du gogotsu Blancok.