Nola sortu da Iurretako Auskari taldea?
Irati Areito: Ekainean Iurretan Biribilketa Feminista egin ondoren, Durangaldeko neska gazteen taldeekin batzen hasi ginen. Orduan ikusi genuen Iurretan ere neska gazteen talde bat sortzeko beharrizana zegoela. Konturatu ginen herrian ez zegoela neska gazteen talde bat. Topaketa horretan ikusi genuen neska gazteok antzeko arazoak genituela, eta konturatu ginen beharrizan bat zegoela. Horrela sortu zen ideia, eta gero osatu da taldea.
Irene Intxausti: Talde bat sortzeko premia ikusten genuen, neska gazteon ahotsa entzunarazteko, leku edo arlo gehiagotan presente egoteko eta gure adinari egokituriko formakuntzak eta ekintzak antolatzeko.
Deialdi zabala egin zenuten herrian.
I. A: Hala da. Herriko neska gazte guztiei zabalduriko deialdia egin genuen eta erantzuna itzela izan zen. Gaur egun, 20 bat neska gaztek osatzen dugu Auskari.
Zeintzuk dira taldearen helburu eta erronkak?
I. A.: Ikuspuntu feminista lantzeko lagungarri izan daitekeela uste dugu, eta denon artean neska gazteok ditugun arazoei irtenbidea topatzeko lan egin gura dugu. Izan ditzaketen arazoen aurrean, herriko neska gazteei babesa edo sostengua ematea da helburua. Herrian babestuta sentitzeko edo dena delako egoera bat salatzeko, adibidez.
Neska gazteak saretzea eta antolatzea premiazkoa ikusi duzue?
I. A.: Bai, dudarik barik.
I. I.: Biribilketa Feministak hainbat herritako neska gazteen taldeak elkartu zituen, eta Iurretan premia hori genuela ikusi genuen.
I. A.: Biribilketak Durangaldean saretu gintuen. Bada, saretze hori herrietara eraman behar genuela pentsatu genuen.
Zein esparrutan lan egin gura duzue?
I. A.: Bidea egiten hasi gara. Hala ere, badaude data batzuk azpimarratu gura ditugunak: Martxoak 8, azaroak 25, herriko jaiak, ekainak 28.... data horietan ekintzak antolatu gura ditugu, ikusgai egon. Abiapuntu bat da hori. Apurka-apurka bidea egiten joango gara.
Baterajotzearen Duragaldeko aurkezpena ere egingo duzue gaur.
I. I.: Euskal Herrian neska gazteok egingo dugun topaketa da Baterajotzea. Formakuntza tailerrak antolatuko ditugu eta elkartrukerako aukera izango dugu. Elkarrengandik ikasteko aukera ere bai. Elizondon (Nafarroa) izango da, urriaren 8tik 10era. Baterajotzerako prestaturiko bideoklipa eta abestia ere aurkeztuko ditugu Abadetxeko aurkezpenean, 19:15ean. Gero, kontzertua egongo da.
I. A.: Hausnartzeko, ikasteko eta gozatzeko jardunaldia izango da. Euskal Herriko neska gazteen talde guztiak elkartzeko eguna. Ekitaldia aurkeztu, eta parte hartzera animatuko ditugu neska gazteak