Izarretako lore antzezlana Joseba Sarrionandiaren Gau ilunekoak liburuan oinarrituta dago eta zuzeneko margolana eta ipuin kontaketa batzen dituen ikuskizuna da. “Ilunerrian inork ez zuen ezagutzen zer kolore zeukan gauza bakoitzak. Izarretan dago argia!", esaten ei zuten zaharrek. Orduan, gazteek koloreak bilatzeari ekin zioten. Horrela abiatzen da idazle iurretarraren testuan oinarrituriko antzezlana. Sonia Villamor aktoreak, Gotzon G. Pildain aktore eta margolariak eta Ziara Garaizabal ilustratzaileak parte hartzen dute taula gainean. Joseba Sarrionandia idazlearen lana Peru Magdalenak egokitu du ikuskizunerako. Ander Garaizabalek sortu du musika.
Proiektua orain urtebete hasi zen martxan, Sonia Villamor aktoreak Sarrionandiaren ipuina irakurri zuenean. “Ipuina gustatu egin zitzaidan. Pandemiaren inguruan dena beltz ikusten genuen momentu hartan. Iluntasun horretatik zelan irten azaltzen du atzezlanak. Beste artistekin berba egin nuen eta kolorea zenbat behar genuen konturatu ginen", azaldu du Villamorrek. Aktoreak taula gainean gidoia interpretatzen duen bitartean, atzeko aldeko muralean koloredun marrazkiak sortzen dituzte. Oihal beltz batean marrazten dute. "Hasierako hizkuntza oso poetikoa da, eta umeentzako espektakuluetan horrelako hizkuntza erabiltzen ohituta ez gaudenez, ikusten genuen beste elementu batzuk ere behar genituela", dio antzezlaneko aktoreak.
Atzean marrazten dena bakarra izango da antzezlan bakoitzean, beti ere abiapuntu berdina hartuta. “Antzerkiak duen 'orain' eta 'hemen' ezaugarriak kontuan hartuta, margolaneko elementu batzuk aldatu egin daitezke antzezlan batetik bestera”, esan du. Ikuskizunerako iluntasuna behar dutenez, umeentzako ikuskizuna ezohiko orduan taularatuko dute, 20:00etan, irailaren 25ean.