Besteak beste, musika kontzertuak, mendi martxa eta dantzariak Iurretako Udazken Kulturalean

Anboto 2021ko ira. 20a, 09:30

Irailaren 25ean hasi eta urriaren 17ra bitartean hainbat ekintza izango da Iurretan, Udazken Kulturalaren barruan. Emakume sortzaileen azokagaz emango diote hasiera egitarauari, irailaren 25ean. Azoka plazan egingo dute, eta sortzaileen lanak 11:00etatik 14:30era egongo dira ikusgai eta salgai.

Bestalde, iluntzean, Joseba Sarrionandiaren Gau ilunekoak liburuan oinarrituriko Izarretako lore umeentzako antzezlanaren estreinaldia eta Puro Relajoren kontzertua egongo dira.

Puro Relajoren kontzertua ez da Iurretako Udazken Kulturaleko bakarra izango. Irailaren 26an, esaterako, Amak taldea plazaratuko da, eta irailaren 28an Txalainak taldea joko du. Urriaren 2an, 18:00etan, Mikel eta Esti Markez aita-alabak arituko dira kantuan plazan, eta gero, 21:00etan, Addar eta Leihotikan taldeen kontzertua izango da.

Dantzari eta bertsolarien saiorik ere ez da faltako Iurretako Udazken Kulturalean. Dantzariek irailaren 28an, irailaren 29an eta urriaren 3an irtengo dute plazara, eta bertsolarien saioa urriaren 1ean izango da, 20:00etan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Gorka Pagonabarraga, Erika Lagoma, Jone Uria eta Jon Maia arituko dira bertsotan. Maite Berriozabal izango dute gai jartzaile.

Horrez gainera, beste hainbat ekintza ere izango dira. Irailaren 26an, Zaldaik antolatuta, Mugarri Ibilbidea mendi martxa egongo da; irailaren 29an, zirku-antzerki familiarra; urriaren 1ean, Anderebidek antolatuta, Miss Spain ikuskizuna; eta urriaren 2an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen txanda izango da. Urteroko nekazaritza eta artisautza azoka ere egingo dute, eta baita bingo tonbola, pilota partiduak eta herri kirolak ere.

Gonbidapenak beharrezkoak
Udazken Kulturaleko ekintzetara joan gura dutenek aldez aurretik gonbidapena hartu beharko dute. Gonbidapenak aurrez hartzeko aukera egongo da, irailaren 22an, Iurretako plazan. Iurretan erroldatutakoek 19:00etan hartu ahalko dituzte, eta gainerako denek 19:30ean. Egunean bertan aforoa bete arte ere egongo dira eskuragai gonbidapenak, baita emailez ere, aittesanmigel@hotmail.com helbidera idatzita.

Puro Relajoren kontzertua, Miss Spain antzezlana eta pilota pardituak ikusteko sarrerak Ibarretxe kultur etxean hartu beharko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!