“Konturatu nintzen neskek ere euren espazioa dutela plazan, eta dokumentazioa batzen hasi nintzen bigarren libururako”

Jone Guenetxea 2021ko ira. 16a, 18:53

Dantzarien argazki eta bideoak biltzen zalea izan da beti Joseba Agirre 'Iketza' dantzari Iurretarra. 2004an, 'Iurretako dantzariak, 1891-2004' liburua kaleratu zuen, Dantzari Dantzan oinarrituta. Orain, emakume dantzarien argazkiak ere batu ditu, Dantzari Dantzan talde parekidearen sasoira artekoak. 1953tik 2019ra arteko 265 argazki bildu ditu. Urrijenan parte hartu zutenek liburua doan jasoko dute Iurretako kopistegian. Gainerakoek 8 euro ordainduta.

Zelan sortu da proiektua?
Aurreko liburuan, 1891tik 2004ra arte mutilen Dantzari Dantzan oinarrituriko argazkiak bildu nituen. Kasu hartan, 150 argazki jaso nituen. Konturatu nintzen neskek ere euren espazioa dutela plazan, eta dokumentazioa batzen hasi nintzen bigarren libururako. Zaharrena 1953koa da. Sasoi hartako irlanderen taldeko argazkia da zaharrena. 1800. urtean Humboltek esan zuen neskek ere dantzan egiten zutela Iurretan. Beraz, aspalditik neskek ere euren protagonismoa izan dute. 1837an, Carlos Erregeak ere Iurretako plazan nesken ilara bat dantzan ikusi zuela jasota dago. Neskek soka dantza egiten zuten plazan. 1973an, Durangon Euskal Jaia egin zenean, estanpa, gorulari eta zinta dantza egin zituzten. Hantxe egon ziren Tiliño eta Iñaki Irigoien. Dantza horiek batu eta Iurretan ere atera zituzten. Bestalde, 1995ean, nesken aurreskua eta atzeskua atera zituzten plazara, euren kantuagaz. 2014ko Urrijenan, emakumeak parte hartzen hasi ziren. Ondoren, 2018an, Dantzari Dantzako neska eta mutilen taldea etorri zen. Eta, azkenik, 2019ko Urrijenan talde misto biek ere parte hartu zuten.

Bazen sasoia emakumeen dantzaren protagonismoa erakusten duen liburua kaleratzeko. Lehenengo liburuan mutilak bakarrik agertzen ziren.
Pentsatu ere ez nuen egin. Dantzari Dantzan zentratuta egon nintzenez, ez zen gorularirik ez estanparik sartu. Sasoi hartan, Dantzari Dantza mutilek baino ez zuten egiten. Orain neskek ere egiten dute. Eta zergaitik ez? Lehenengoz irten zutenean, neu ere urduri egon nintzen, baina gero txaloka amaitu nuen.

Dokumentazio hau guztia jasotzeko, zein laguntza izan duzu?
Jende askok lagundu dit. Txebi Arriagak, Iñaki Irazabal 'Kiña'-k eta beste hainbat pertsonak. Horrez gainera, Anton Mari Aldekoa-Otaloraren sarrerako testua eta Eñaut Aiartzaguenaren kopla batzuk jaso ditugu. Edu Briñasek Iurretakopin maketazio lanean asko lagundu digu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!