"Hiru urtean maila goreneko txapelketa batera heltzeko sakrifizio asko egin behar izan ditut, baina pena merezi izan du"

Maialen Zuazubiskar 2021ko abu. 12a, 16:00

Xabier Osa crossfitlariak bosgarren postua lortu du Estatu Batuetan jokatutako 'Crosfit games'-etan, mundu mailako txapelketan. Osak crossfiteko bero box-a du Iurretan, Anboto crossfit. 

1. Crossfit games txapelketan parte hartu duzu. Zer moduz joan dira?
Oso ondo joan dira. Crossfiteko atleta batentzat bertara heltzea olinpiadetan egotea bezalako da. Beraz, hara joan, orain arte egindakoa praktikan jarri eta non nagoen ikustea oso esperientzia ona izan da. Txapelketan bosgarren gelditu naiz eta orain helburua, datorren urtera begira, txapelketan egin ditudan huts egiteak landu eta hobetzea izango da, hurrengo urtean horiek ez errepikatzeko eta hobeto egiteko.

2. Bosgarren postu bategaz itzuli zara Euskal Herria. Pozik lortutakoagaz?
Pozik bai dena eman dudalako. Baina gose askorekin nago, bosgarren gelditzea ez dago gaizki, baina ikusi dugu han zer dagoen eta gogo askorekin bueltatu naiz hurrengo urtean bosgarren postu hori hobetzeko. 

3. Lehenengo aldia da maila horretako txapelketa batean parte hartzen duzula?
'Crossfit games'-etan bai lehenengo aldia izan da. Baina aurretik izan naiz, beste txapelketa handi batzuetan,  Miamin esaterako. Baina egia da 'Crossfit games'ak gure Munduko Txapelketak direla, eta aurten lehenengoz txapelketa egokitua egin dute eta nik bertan egoteko txartela lortu dut. Espero dut gehiagotan bertan egotea, azkena ez izatea. 

4. Nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita izan da, jende oso berezia ezagutu dudalako batez ere. Bakarrik joan nintzen eta bertan atleta eta entrenatzaile desberdinekin elkartu nintzen, mundu mailako atleta eta entrenatzaileekin inguratuta egon naiz. Eta orain esan dezaket, jende horri esker, aberatsagoa naizela. Oraindik sinistu ezinda nago. 

5. Zuretzat zer suposatzen du bertan egoteak?
Duela hiru urte hasi nintzen crossfitean eta dena albo batera utzi nuen crossfitean lehiatzeko asmotan. Hiru urtean maila goreneko txapelketa batera heltzeko sakrifizio asko egin behar izan ditut, baina pena merezi izan du. Txikitan uste nuen bizitzan ezingo nintzela ezertan ona izan, eta orain ikusi dut fisikoki horrenbeste eskatzen duen kirol honen elitera heltzeko gai izan naizela. Beraz, hona helduta neure buruari erakutsi diot nahi izanez gero gauzak lortu daitezkeela.  

6. Txapelketarako prestatzea ez zen erreza izango. Zelan entrenatzen zara?
Ez da erreza, ematen du atleta egokituak garelako maila bajua dagoela, baina ez. Mundu mailan beso gabeko atleta asko daude, eta gainera fuerte daude. Beraz, ez da batere erraza. Nik astean sei egun entrenatzen ditut, astelehenetik zapatura, bi sesio egunean. Egunero lau ordu, lau ordu eta erdi inguru. Crossfitak gauza asko ditu eta gauza horietan ona izan behar zara, eta ona izateko ordu asko sartu behar dira. 

7. Zure ingurukoek diru bilketa bat jarri zuten martxan Estatu Batuetarako bidaia hori finantzatzen laguntzeko. 
Crossfita ez da kirol federatu bat, beraz, ez dugu estatu mailako laguntzarik. Hori horrela, guk bilatu behar dugu finantzatzeko era. Babesle batzuei esker nire diseinuarekin egindako kamiseta batzuk saltzen hasi nintzen. Horri esker diru kantitate on bat lortu genuen eta errifa batzuk ere atera genituen. Gainera, inguruko jendek ere izugarri lagundu nau eta oso eskertuta nago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!