Iurretarrek herrigunean komun publiko bat egitea lehenetsi dute aurrekontu parte hartzaileetan

Aitziber Basauri 2021ko uzt. 15a, 10:09

Iurretako Udalak komun publiko bat egingo du herrigunean, 2021eko aurrekontu parte hartzaileetan botorik gehien jaso dituen proiektua izan da.

Zortzi proiektu igaro ziren bozketa fasera, eta horietatik aukeratu behar izan dituzte herritarrek. Uztailaren 2an amaitu zen bozketa eta 184 iurretarrek parte hartu dute prozesuan. Hori izango da gauzatu ahal izango den egitasmo bakarra; izan ere, komun publikoa egiteak 50.000 euroko inbertsioa eskatuko du, udalak aurrekontu parte hartzaileetarako gordetako diru poltsa osoa.

Apirilean hasi zen aurrekontu parte hartzaileen prozesua, herritarren ekarpenak jasota. Guztien azterketa teknikoa egin eta gero, zortzi proiektu pasatu ziren bozketa fasera. Horien artean, herritarrek hiru aukeratu behar zituzten. Udalak eskerrak eman dizkie parte hartu duten herritarrei, "urtetik urtera gora doan parte-hartzeagaitik". Udalak herriko komertzioen lana ere eskertu du, laguntza eman dutelako prozesua errazagoa izan dadin

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!